Irungo udalak hiriko erosketetan poltsa berrerabilgarrien erabilera sustatzeko kanpaina aurkeztu du. Guztira, 13.000 poltsa banatuko dira hiriko merkatarien artean “Erosi Irunen” leloarekin. Ekimenaren helburua ohitura jasangarriak bultzatzea da, erabilera bakarreko plastikozko poltsak ordezkatzeko.
Eskolako Agendan proposatutako ekimena da. Programa horrek udala eta ikastetxeak biltzen ditu, hiria jasangarritasunaren aldetik hobetzen jarraitzeko ekintzak elkarrekin lantzeko, natur ingurunea zaintzetik hasita, merkataritza arduratsua sustatzeraino, kasu honetan bezala. Borja Olazabal Garapen Jasangarriaren ordezkariak adierazi duenez, “tokiko dendetan erostea kontsumo arduratsuaren sinonimoa bada, are gehiago da poltsa berrerabilgarriak erabiltzen baditugu”. Garapen Jasangarriko ordezkariak azaldu duenez, ideia Eskolako Agenda 21 programan proposatu zen eta gero Aurrekontu Parte-hartzaileetan hautatua izan zen.
2019-2020 ikasturteko Eskola Agendan parte hartu zuten ikastetxeek egindako proposamenen artean, “dendetan poltsa berrerabilgarriak erabiltzea sustatzeko udal-kanpaina” bat egitea onartu zen, eta, automatikoki, Aurrekontu Partizipatiboetarako ideia bihurtu zen, eta, azkenean, aukeratua gertatu zen. Izan ere, azken urteotan, Eskolako Agendaren bidez txikienek helarazten dituzten ideiez ere elikatzen da herritarren ekarpenen artean 1,5 milioi banatzen dituen prozesu hori. COVID-19ak sortutako osasun-krisiagatik, kanpaina ezin izan zen gauzatu 2020an, eta orain jarri da martxan.
Poltsak askotariko saltokietan
Garapen Jasangarriko arlotik azaldu dutenez, “helburua da dendakoek erabilera bakarreko plastikozko poltsaren ordez poltsa berrerabilgarria banatzea”. Horregatik, ahalik eta poltsa berrerabilgarri gehien banatu nahi dira saltoki txikietako erabiltzaileen artean; izan ere, normalean, denda horietan, erabilera bakarreko plastikozko poltsak banatzen dituzte bezeroen artean.
Asmoa da poltsa berrerabilgarri hori eguneroko erosketari lotua egotea eta horien erabilera erosleen ohituren artean txertatzea; adibidez poltsan sartuta, edo autoan, edo zamarran, edo galtzetako poltsikoan eramatea … Horregatik, poltsa hori auzoko dendetan banatuko da, batez ere harategietan, arrandegietan, janari-dendetan, eta abar. Beste helburu bat da denda horiek babesten laguntzea, kontuan hartu behar baita saltoki ertain eta handiek baliabide propioak izaten dituztela antzeko ekintzak egiteko.
Mikel Castro Marrubi gozoki dendako dendariak adierazi duenez, “ekimen ona iruditzen zaigu, plastikoaren kontsumoa murriztu ahal izateak duen garrantzia kontuan hartuta”. Marrubi dendan, Irungo beste hainbat saltokietan bezala, behin baino gehiagotan erabiltzeko poltsak banatuko dituzte datozen egunetan zehar, horiek erabiltzeko asmoa erakusten duten bezeroen artean. “Garrantzitsua iruditzen zaigu aspaldiko ohitura bat berreskuratzea, hau da, jendeak bere poltsa etxetik ekartzea, eta are gehiago, ohitura horiek gazteen artean txertatzea”, gaineratu du Mikel Castrok.