Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren 17. edizioa deitu du. Bekak euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan, orain dela 26 urte zendutako Jose Antonio Loidi ospetsua omentzeaz gainera. Deialdira aurkezteko epea 2025eko martxoaren 24ra arte zabalik egongo da. Bekaren diru zenbateko gordina 9.000 euro da eta 12 hilabeteko iraupena izango du.
Josu Iguiñizek, Euskara ordezkariak, herritarrei parte hartzeko deia egin die: “Bi urtero antolatzen den ikerketa beka berriro gure artean dugu eta aukera aproposa eta polita da gure hizkuntzako xehetasunak azaleratzeko”. Euskara ordezkariak aipatu duenez, hainbat gai ezagutzeko aukera izan dugu azken urteetako irabazleekin: Irungo euskara, hiriko gune berdeak, bertsoak eta bertsolariak, irakurzaletasuna… Iguiñizek gaineratu duenez, “horrelako lanak oso interesgarriak dira hiritarrentzat eta hiriarentzat, euskara eta Irun goraipatzen baitugu”.
Bekarren ezaugarriak eta eskatzaileak
Ikerketak Jose Antonio Loidik bere bizitzan zehar landutako esparruetako bat jorratu beharko du. Zehazki, esparru hauetakoren bat ikertu beharko da: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Ikerketa lana originala eta argitaratu gabe izan beharko du eta ikertzaileak proiektua, azterlana eta memoria aurkeztu beharko ditu euskaraz. Izan ere, ikerketa zientifikoa zabaldu nahi da euskaraz, irundarrak hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz.
Norbanakoek edo taldeek eska dezakete beka. Eskatzaileak unibertsitatean graduatuak eta EGA agiria edo baliokideak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markokoak, izan beharko dira. Oinarriak, informazioa eta eskaera-orri eredua Irungo Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen. Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakinmin ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.
Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan…).
1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.
Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu.
1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik. Irungo Udalak, 1999an, Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka sortzea erabaki zuen.



