Kirol parekatua partekatzeko jardunaldia antolatu du Parean elkarteak igande honetarako

Igande sasoi ekimenak emakume ukitua izango du igandean, urriaren 20an, 10:30etik 13:30era. Parean elkarteak antolaturik, emakumeak kirola egitera bultzatzeko saio berezia egingo da Kirola Par(t)ekatuz izenburuarekin. Bigarren aldiz, hiriko hainbat kirol taldek beren eskaintza jendarteratuko dute, eta haur zein helduei jolasteko eta kirol berriak probatzeko aukera emango diete. Bertaratzen direnek askotariko kirolak probatu ahalko dituzte: eskubaloia, atletismoa, judoa, txirrindularitza, saskibaloia, skate surfa, arrauna, squasha, boleibola, errugbia, xakea…

Olazabalek nabarmendu duenez, udalean garrantzitsua iruditzen zaie Igandero programaren barruko saio bat emakumeen kirolaren ingurukoa bakarrik izatea. “Zorionez, emakumeak kirol munduan erakusteko pausoak ematen jarraitzen dugu, baina Irungo Udala jakitun da oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta horregatik antolatu dugu jardunaldi hau, gure aletxoa jartzeko”, erantsi du Olazabalek.

Guztira, hiriko hemezortzi talde izango dira parte hartzaileak: Bidasoa, Mariño Real Unión, Txingudi Eskubaloia, Santiagotarrak, Txingudi Errugbi Taldea, Erroibide, CD Waterpolo Urgara Txingudi, Bidasoa Atletiko Taldea, Judo Club Mayumi, Mayumi Volley Team, Bidasoa Xake Kluba, Lur-Alai Squash Kluba, Leka Enea Irun, Club Ciclista Irunés, Surf Teknika, Jaizubia Zaldiketa Eskola eta Studio Danza Miren Gómez.

Gainera, 10:30ean, zumba eskola bat izango da, Emakumeak Zast proiektuaren barruan, Kera Elkartearen eskutik; 11:15ean, eskubaloi egokitu partida bat, Txingudi Eskubaloiaren eskutik;12:00etan, adinekoentzako gimnasia saio bat, Kirol Orientazioko Zerbitzuaren eskutik; eta, 12:45ean, ballet fit erakustaldi bat, Miren Gómezen eskutik.

Gidaliburu definitiboa

Emakumeen presentzia kirol munduan txikiagoa da gizonena baino: bai haien kantitatea, bai ikusgaitasuna. Horregatik, egoera iraultzen saiatzeko eta, bide batez, emakumeak kirol munduan agerrarazteko, Parean Elkarteak gidaliburu bat argitaratu du, Irungo kirol taldeen emakumeentzako eskaintza biltzeko.

Igandero

Programaren aurreko edizioetan bezala, Colón ibilbidearen erdialdean (Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen arteko tartean) eta Zabaltza plazan, oinezkoak eta txirrindulariak bakarrik ibili ahalko dira. Era berean, ohikoa denez, zirkulazioa etengo da Colón ibilbidean, Gipuzkoa hiribidean eta inguruko kaleetan. Gainera, aldaketak egingo dira hiri barruko autobusen ibilbideetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude