Aste Santuan ateak ireki ondoren, Lapurriturriko Informazio Guneak datorren egunetan jarriko du martxan denboraldi berrirako jarduera-programa. Denboraldia ekainean irekiko da ofizialki. Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak bultzatuta, instalazio hori lehen jarduera horren xehetasunak azkentzen ari da. Maiatzaren 28rako aurreikusita dago, eta irteera bat izango da, gure landa-ingurunean bizi diren hegaztiak ezagutzeko.
Hegaztien mundua ezagutzen duen gidari batek lagunduta, parte-hartzaileak hainbat espezie identifikatzen saiatuko dira, bai ikusiz, bai haien kantuen bidez. Aiako Harriko pinudi eta hariztiak ikusi eta hegazti arruntak ikusi eta entzuteaz gain, bada asmoa gure lurraldea zeharkatzen duten hegazti-espezie espezifikoak ikusi eta entzuteko ere.
Hitzordua, goizeko 9:00etan, Lapuriturriko Informazio Gunean bertan. Prismatikoak eta hegaztiei buruzko gida bat eramatea gomendatzen zaie parte-hartzaileei. Nahi duenak gaurtik aurrera eman dezake izena Irungo Udalaren webgunean edo 010 zenbakira deituta. Epea maiatzaren 25era arte edo plazak osatu arte egongo da zabalik. Gehienez 20 lagunek parte hartuko dute.
Urrira arte martxan
Jarduera-programa hasita, eta urtero bezala udan hainbat txango eskainiko ditu, hurrengo pausoa informazio gunea irekitzea izango da, eta hori ekainaren 3rako aurreikusita dago. Ohikoa izango da jendeari arreta emateko ordutegia: ekainetik urrira bitarteko asteburuetan, eta uztaileko eta abuztuko jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara.
Gogoan izan behar da Lapurriturriko Informazio Guneak 15 urte baino gehiago daramala bisitariei parkea ezagutzera ematen, eta, horretarako, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken-hasieran antolatzen diren jarduerez gain, informazio-guneak berak informazioa ematen die bisitari guztiei, paperean eta gidariaren azalpenen bidez, bai Parke Naturalari buruz (5 ibilbide hauek ardatz hartuta: hozkailu-putzuak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta flora-fauna-ura) bai inguruko eskaintza turistikoari buruz.