Irungo Udaleko Gazteria Departamentuak, Artia eta Martindozenea gaztelekuen bidez eta GazteARTEan Konekta zerbitzuaren bidez, jarduera ugari antolatu dituzte Martxorako. Irungo haurrek eta gazteek aisialdirako jarduerez betetako hilabeteaz gozatu ahalko dute.
Batetik, gazteek sukaldaritzaz gozatzeko aukera izango dute, besteak beste udaberriko biribilkiak, saltxipapak eta ahuakate taketak prestatzeko tailerrei esker. Bestetik, ChatGPT sistemari buruzko tailer bat, lorezaintza tailer bat, escape room bat eta adimen artifizialaren bidez abestiak sortzeko tailer bat izango dituzte aukeran.
Bestalde, Korrika eta martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna) direla-eta, jarduera bereziak antolatuko dira: martxoaren 8a ospatzeko, emakumeen eskubideei buruzko zinema saio bat, emakumeen historia ikasteko jolas bat eta mural feminista baten sorrera, eta, Korrikarako prestatzeko, berriz, kamisetak pertsonalizatzeko tailerrak, martxoaren 6an, 7an eta 9an.
Ohikoa denez, Martindozenea gaztelekuan, bi gune bereiziko dira, adinaren arabera: ostiral eta larunbatetan, bigarren solairua 15 urtetik 18 urtera bitartekoek gazte irundarrentzako proposamenak sortu eta garatzeko erreserbatuko da.
Izen ematea
Jarduera gehienak doan izango dira, eta interesdunek aurrez aurre eman ahalko dute izena, gaztelekuetan bertan; gazteleku@irun.org helbide elektronikoaren bidez; eta WhatsApp bidez, 690 706 471 telefono zenbakira idatzita.
Ordutegia
Artia eta Martindozenea gaztelekuak asteartetik ostegunera bitartean ematen dute zerbitzua, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Ostiral eta larunbatetan, berriz, irekiera ordutegia 17:00etatik 21:00etara doa.
15 urtetik 18 urtera bitartekoentzako gunea, berriz, ostiraletan eta larunbatetan zabalik dago 17:00etatik 21:00etara.
Aste Santuko jaiegunak
Aste Santua dela-eta, Artia eta Martindozenea gaztelekuak itxita egongo dira martxoaren 28tik apirilaren 1era. Pazko astean, berriz, programazio oparo eta potentea eskainiko da.