Maskoten babesa, ongizatea eta edukitza arduratsua arautzeko udal ordenantza idazteko lanetan ari da Irungo Udala. Gaur goizean Irungo udaletxean Sergio Javier Irungo Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak ordenantzaren idazketan egindako aurrerapenen berri eman du. Orain, Udala hasierako onarpenaren atarian dago, Gobernu Taldeak otsaileko ohiko Osoko Bilkurara eramango baitu ordenantzaren hasierako onarpena.
Javierrek hedabideen aurrean adierazi duenez, “Irungo Udala osatzen dugunok argi dugu maskota eta animaliekiko sentsibilitatea gero eta handiagoa dela gizartean, eta haien ongizateak ildo beretik joan behar du”. Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak adierazi duenez, “ordenantza honek eskubide berriak jasotzen ditu, baita hirian animalia baten jabe izateak berekin dakartzan betebehar berriak ere”.
Ordezkariak ordenantza onartzeak Irunera ekarriko dituen berrikuntza batzuk iragarri ditu. Txakurrei dagokienez, erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko da, eta txakurrek bide publikoan uzten dituzten gernua eta gorozkiak garbitu. Katuei dagokienez, berriz, mikrotxipa izan beharko dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean inskribatuta egon. Era berean, katu koloniak aldian-aldian kontrolatuko dira, katuak harrapatu, esterilizatu eta jatorrizko koloniara itzultzeko metodoaren bidez.
Ordenantzaren aurrerabidea
Ordenantza berria iazko apirilean jarri zen martxan: orduan, Udalak partaidetza prozesu bat abiarazi zuen, herritarren eta esparru honetan aritzen diren elkarte eta entitateen iritzia biltzeko eta, horrela, ordenantzaren edukia aberasteko.
9/2022 Legeak Euskal Autonomia Erkidegorako eta 7/2023 Legeak Estaturako ezartzen dituzten eginbeharrak betetzeko, Udalak, Alkatetzaren 2024ko uztailaren 24ko ebazpen baten bidez, katu kolonien kudeaketa etikorako programa bat onartu zuen, katuak harrapatu, esterilizatu eta jatorrizko koloniara itzultzeko metodoaren alde egiten duena udalerriko katu kolonietako populazioa kontrolatzeko: albaitarien elkargo bateko profesional batek sinatu eta ikuskatu du osasun programa, eta katu kolonietako kideei parasitoak kentzea eta txertoak jartzea xedatzen du, baita mikrotxipa jartzea ere, Udalaren izenean. Bestalde, oinarrizko konpromisoetako bat katu lagunkoiak eta berauen kumeak adoptatzea da.
Katu kolonien kudeaketa etikorako programa osatzeko, 7/2023 Legearekin bat etorriz, Irunen animaliak babesten diharduten elkarteekin elkarlanean, hiriko kolonien errolda egin zen.
Bestalde, aipatutako bi arauak betetze aldera, Udala katu koloniak kudeatzeko beharrezkoak diren lankidetza hitzarmenak idazten ari da.
Joan den azaroaren 20an, Udala animaliak babesteko elkarteetako ordezkariekin eta adituekin bildu zen, ordenantzaren zirriborroaren testua hobetzeko ekarpen eta iradokizunak biltzeko.



