Oiasso Museoak Euskal Herriko megalitoak ezagutzeko erakusketa hartuko du bihartik aurrera

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariak prentsaurrekoa eman du Oiasso museoan «Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde-erreferenteak» erakusketa aurkezteko. Bihar irekiko ditu ateak, ekainaren 14an, Oiasso museoko X aretoan. Erakusketa Europako Arkeologia Jardunaldien esparruan antolatu da, eta Euskal Herriko megalitismoaren adibide garrantzitsuenak biltzen ditu ibilbide batean.

Erakusketa azaroaren 24 arte ikusi ahal izango da Oiasso museoan Ordezkariarekin batera, agerraldian izan dira Juanjo Jiménez eta Aizpea Goenaga, Oiasso museoko zuzendaria eta koordinatzailea, hurrenez hurren, Etor Telleria, Arkeologi Museoko zuzendaria, Javier Fernández Eraso, erakusketako komisarioa, Jexux Aizpurua, Barandiaran Fundazioaren ordezkari gisa, eta Sonia San José, Gordailuaren ordezkari gisa.

Kulturako ordezkariak esan duenez, erakusketa honek irundarrei hurbilduko die megalitismoak gure lurraldeko arkeologian izan duen «funtsezko rola»:  «Euskadin monumentu megalitiko ugari daude: trikuharriak, menhirrak, harrespilak, tumuluak… erakusketa honen bidez hildakoak omentzeko altxatu zituzten monumentu sakratu hauen sekretuak ezagutuko ditugu», azaldu du ordezkariak.

Erakusketa Bilboko Arkeologi Museoak sortu zuen, eta zenbait erakunderen eta Irungo Udalaren arteko elkarlanari esker iritsi da Oiasso Museora, hala nola Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gordailua, Bibat eta Barandiaran Fundazioa. Euskal herriko 120tik gora aztarnategitan bildutako pieza arkeologikoak biltzen ditu, megalitismoarekin lotutakoak. Komisarioak gaian adituak diren hiru pertsona izan dira: Javier Fernández Eraso EHUko Historiaurreko katedraduna, José Antonio Mujika Alustiza doktorea eta Juan Carlos López Quintana arkeologoa eta Agiri arkeologia-elkarteko presidentea

Erakusketaren xehetasunak

Oiasso museora bertaratzen diren guztiek Neolitoko monumentu megalitikoen jatorria eta garapena ezagutuko dituzte, askotariko piezak biltzen dituen erakusketari esker: trikuharriak, menhirrak, harrespilak edo tumuluak. Hildakoei lur emateko, erritualen kokagune izateko eta espazioen okupazioaren erreferente izateko eraiki zituzten, besteak beste.

Nabarmentzekoak dira askotariko tipologiako sei estela, zenbait trikuharriren ganberan aurkitutakoak. Bestelako elementu batzuk ere ikusgai egongo dira: aizkora leunduak, neurri eta material askotakoak, besteak beste Diman (Bizkaia) aurkitutako jatorri alpinoko bat; apaingarriak, esaterako hezurrez, boliz, koralez, harri-kristalez edo lignitoz egindako aleak, Gipuzkoako Larrarten eta Trikuaztin eta Nafarroako Obionetan aurkitutakoak; urrezko pieza txikiak, Idiazabalgo Zorroztarin eta Guardiako Alto de la Hueseran topatuak; silexezko eta metalezko armak, hala nola Galdameseko Arenazan topatutako sastakai mihiduna edo Markinako Iruzubietako aizkorak; eta zeramikazko ontziak, esate baterako, Pagobakoitzako (Gipuzkoa) ezkila formako ontzia.

Gainera, erakusketa osatzeko hiru proiekzio ere badaude, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan dauden gisa honetako 1.000 monumentu baino gehiago erakusteko, baita garaiko klima-aldaketen eta paisaiaren eraldaketen eragina eta XIX. eta XX. mendeetako ikerlan aitzindariak ere.

Bisita gidatua

Erakusketa ezagutzeko interesa dutenek bisita gidatu bat egiteko aukera izango dute ostiral honetan, ekainaren 14an, 19:00etan, erakusketako komisarioen eskutik. Bisita doakoa izango da, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik plaza gordetzea museora deituta (943 63 93 53) edo info-oiassomuseo@irun.org helbidera mezu bat bidalita.

Oiasso museoa

Oiasso Museoak urteak daramatza beste museo batzuekin elkarlanean, Irunera kalitate handiko erakusketak ekartzeko, mundu erromatarra edo Historiaurreko eta historiako beste garai batzuk hobeto ezagutze aldera. Baskonia: bitarteko lurra, Silexaren bila, Erraldoien bizkar gainean eta beste erakusketa asko izan ditugu Irunen azken urteotan, Arkeologi Museoarekin, BIBAT – Arabako Arkeologia Museoarekin, Gordailua – Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroarekin eta Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Institutuarekin sinatutako hitzarmenei esker. Berriki, Oiasso museoan ikusgai egon da, arrakasta handiz, Gipuzkoako Emakume Arkeologoak erakusketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatuta, lurraldean emakumeek egindako ikerlan arkeologikoek izandako garrantzia azpimarratzen duena. Ikusgai egon den zortzi hilabeteetan, 7.710 bisitari jaso ditu, eta marka guztiak hautsi.

Oiasso museoaren helburuetako bat da arkeologia zabaltzea jendearen artean eta, oraingoan, arkeologoen lana berriz da protagonista, EAEko eta Nafarroako erakundeek saretuta egiten duten lanari esker.

Oiasso museoaren ordutegia

Sanmartzial eta sanpedroei begira, hauxe izango da Oiasso museoaren ordutegia jaiegunetan: ekainaren 29an, museoa goizez irekiko da, 10:00etatik 14:00etara, eta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean itxita egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude