Olaketa judo klubak ordezkaria izango du Espainiako Txapelketan. Izan ere, Aimar Borda judokak estatu mailako txapelketan aritzeko aukera lortu berri du. Espainiako Txapelketa Madrilen lehiatuko da hilabete bukaeran.
Aimar Bordak Espainiako Txapelketan parte hartuko duen bigarren aldia izango da, iaz ere txapelketa horretan aritzeko aukera izan baitzuen. Aimarrek Legazpiko frontoian egin ziren haur eta kimu kategorietako Eskola Jokoetan lortu zuen Espainiako Txapelketarako pasea.
Aimar Borda -73 kilotik beherako kimuen kategorian lehiatu zen Unai Zuazuarekin batera. Maila handiko hiru borrokaldiren ostean bi judokak aurrez aurre aritu ziren finalean, baina azkenean Aimar Borda izan zen garaile. Txapelketako hirugarren postua berriz, Ibai Vegarentza izan zen, Olaketa klubeko judoka ere badena. Orain Aimar Borda Espainiako Txapelketaren prestatzeko buru-belarri entrenatzen ari da.
Bestetik, kategoria txikiagoetan, klubeko Agatha Yayu Gutiérrezek (-52 kilo) eta Alex Bunescuk (-55 kilo) Legazpiko txapelketan parte hartu zuten, Alex Bunescuk brontzezko domina irabazi zuelarik.