Irungo Udalak ostalaritzaren inguruko araudia betearaztea erabaki du auzokoei atsedena bermatzeko. San Juan inguruko ostalariak haserre daude gaueko 10etan leihoak itxi beharrak ekarri dizkien kalte ekonomikoengatik.
Oraintsu arte tabernetako bezeroek gauerdira arte kalean edariak kontsumitu ahal zituzten, baina Irungo Udalak indarrean dagoen araudia errespetaraztea erabaki duenetik, 10etan leihoak itxi behar dira. Terrazetan, ordea, ordu horretatik aurrera edan daiteke, baldin eta edariak zerbitzari batek eramaten baditu. Araua aplikatzeko erabakiaren arrazoia izan da batez ere San Juan plazan eta Kale Nagusian sortzen den zaratak bizilagun zenbaiten salaketak eragin dituela. “Momentu bat iristen da non interes ezberdinek bateragarri izateari uzten dioten. Hots, oreka apurtzen da eta oreka hori berreskuratzeko arauak bere espresio gogorrenean betearazi behar dira. Hiria bizirik mantentzea eta aldi berean bizilagunen atsedena eta osasuna bermatzea ez da lan erraza”, azaldu du Goizane Alvarez Udaltzaingoaren ordezkariak.
Ostalariak, kaltetuak
Arazo bat konpondu da, baina horrek beste bat ekarri du herrestan. San Juango ostalariak haserre daude neurriak eragin dizkien kalte ekonomikoengatik. Angela Basabe Gaztelumendi-Antxongo nagusiak azken asteotan argi ikusi du “leihoa ixten dugunean bezeroak joaten direla, hain juxtu kalea pil-pilean dagoenean”. Bere iritziz “kontraesana da leihoa itxi baina terrazak irekita jarraitu ahal izatea. Eserita daudenek ez al dituzte bizilagunak molestatzen? Kexu diren bizilagunak oso gutxi dira. Ez dut uste zarata horrenbestekoa denik, ez behinik behin, hain neurri zorrotzak hartzeko modukoa”.
Ostalari hau kexu da Udalari “toldoa, terraza zein leihoa edukitzeagatik zergak ordaindu behar dizkiogulako, eta gainera gero eragozpenak jartzen dizkigu erabiltzeko orduan”.
Konponbideak
Konponbidea bilatzeko orduan Angelak ordutegia zabaldu behar dela iritzi du. “Lehengo ordutegira, hau da 12:00etara, bueltatu nahi nuke”.
Goizane Alvarezek zaila ikusten du ostalarien eta bizilagunen arteko adostasuna. “Bi aldeek interes guztiz kontrajarriak dituzte. Arauek, gaur egun, 22etatik 8ak bitarte bizilagunen atsedena babesten dute. Bizilagun batzuek arauak guztiz betearaztea nahi dute, besterik gabe”.
PP alderdiak tabernariek eta bizilagunek negoziazio mahai bat era-tzea proposatu du, eta, halaber, auzokoak zaratatik babesteko, datorren urteko udal aurrekontuetan diru laguntza espezifikoak jasotzea. Zehatzago, leiho bikoitzak jartzeko, Udalak kostuaren % 50eko diru laguntza eman dezan nahi du PPk.