Aurtengo udan ere Solas Jolas udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute Irungo haurrek. Euskararen erabilera indartzeko helburuarekin antolatzen du Solas Jolas programa Irungo Udalak, haurrek euskararekiko duten harremana hobetzea xede hartuta, eta ohi bezala, aurtengo edizioak bi txanda izango ditu: lehenengoa uztailaren 4tik 28ra egingo da eta bigarrena, abuztuaren 2tik 31ra.
Euskarako ordezkaria den Miren Echevestek programak duen harrena ona nabarmendu du: “Solas Jolasek urte mordoa darama gure artean Irunen, eta aski ezaguna da haurrak dituzten edo izan dituzten familien artean. Iaz ere, pandemiaren okerrena pasatu ondoren, harrera zoragarria izan zuen eta ia osorik bete genituen bi txandak. Izan ere, udaran ere euskaraz gozatzeko, sozializatzeko eta jolasteko beharra bizirik mantentzen denez gero, Irungo Udala hor egongo da horrelako ekimenak aurrera eramateko, gure gaztetxoen euskalduntzean laguntzeko eta familiei ere udako eskaintza polit bat emateko”.
Irungo Udalak jakinarazi du astelehenean, hilak 27an, zabalduko duela programan aurreinskripzioa egiteko epea, eta irekita egongo da martxoaren 10era bitartean. Azken egun horretan, 14:00etan amaituko da eskaerak aurkezteko denbora tartea. Udalak gogora ekarri duenez, aurreinskripzioa epeen barruan egiten ez bada, ez da udalekuetan parte hartzeko aukerarik izango.
Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabiliz egin daiteke aurreinskripzioa, Egoitza Elektronikoan ere bai, ala nahiago izanez gero, Irungo puntu desberdinetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan: SAC/HAZen -kasu honetan, izapidegileak lagunduta 8:00etatik 19:00etara-, Kateko eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoak dauden tokietan, Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenea AAEEn eta San Migeleko Helduentzako eremu sozialean.
Interesdunek programan parte hartu nahi duen haurraren datuak eman beharko dituzte prozedura egin ahal izateko: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea eta ikasketak egiten ari den zikloa. Harremanetarako pertsona helduaren telefonoa eta e-posta ere eman beharko dira. Horrez gain, eta informazio modura, parte hartu nahi den txanda -uztaila, abuztua edo biak- ere zehaztuko da eskaera orrian, baita udalekuetarako aukeratutako zentroak ere.
Aurreinskripzioak egin eta gero, martxoaren 20an plazaratuko dira behin behineko zerrendak, eta martxoaren 24a bitartean egongo da zabalik erreklamazioak aurkezteko epea.
Ondoren, behin betiko zerrenda martxoaren 31n argitaratuko da, eta apirilaren 4an 12:00etan zozketatuko dira izen ematea egiteko hitzorduak; zozketaren emaitzak 15:00etatik aurrera ikusgai jarriko dira. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua, eta ondorengo hurrenkera errespetatuz, eskainitako plazak aukeratzen joango dira interesdunak, plazak bete ahala aukerak murriztuz.