Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak astelehenetako elkarretaratzeak bertan behera utzi ditu Irun eremu gorritik atera arte

Txingudi Pentsionisten Mugimenduak astelehenero San Juan plazan egin ohi diren elkarretaratzeak bertan behera uzta erabaki du Irun eremu gorritik atera arte. Txingudiko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariek baieztatu dutenez hirian osasun krisialdiaren egoera era nabarmenean hobetzen denean berreskuratuko dira pentsio duinen aldeko mobilizazioak. 2021eko urtarrilaren 15ean hiru urte bete ziren pentsionisten mugimenduaren hasieratik.

100.000 biztanleko intzidentzia metatuak Irunen 500 kasuak gainditu ostean, pentsionisten kolektiboak egoera era nabarmenean hobetu arte kontzentrazioak etetea erabaki du. Urtarrilaren 26ean, Irun ofizialki eremu gorrian sartu aurreko egunean, Txingudiko Pentsionisten Mugimenduko ordezkariek adierazi zutenez, astelehenetako elkarretaratzeak eta manifestazioak bertan behera uztea erabaki da osasun krisialdiaren aurrean arduraz jokatzeko. Izan ere, pentsionisten elkarretaratzeetan segurtasun neurri guztiak errespetatu arren, adineko pertsonak pandemiaren aurrean kolektibo zaurgarrienetako bat direla kontutan hartuz, egoera hobetu arte kontzentrazioak bertan behera uztea adostu da. Hala ere, pandemiarekin edo pandemiarik gabe pentsio publiko duin batzuk lortzeko borrokari eutsiko diotela baieztatu dute pentsionisten mugimenduko ordezkariek.

Elkarretaratzeen etetea iragartzeaz gainera, Txingudiko Pentsionisten Mugimendutik osasungintza publikoa defendatu eta osasun arloko langileei elkartasuna adierazi zaie. Horrela, osasungintza publikoa langile eta baliabide gehiagorekin laguntzeko beharraz ohartarazi du pentsionisten kolektiboak, hainbat sindikatuk eta Osakidetzako langileek egindako aldarrikapenekin bat eginez . Era berean, COVID-19aren txertaketa kanpainan zehar agintarien jarrerarekin loturik azaleratutako irregulartasunak eta kargu publikoen jarrera arduragabeak salatu dituzte.

Borroka nekaezina
2018ko urtarrilaren 15ean abiatu ziren estatuan pentsionisten mugimendutik deituriko mobilizazioak. Egun batzuk lehenago WhatsApp aplikazioaren bitartez zabaldu zen San Juan plazan elkartzeko deialdi anonimoa. Hortik aurrera, beranduago Txingudiko Pentsionisten Mugimenduan bihurtuko zena sortu eta antolatzeko zenbait hiritar elkartu ziren, instituzio eta antolakunde sindikal, sozial eta politiko guztietatik independentea izango zen mugimendu bat abiatzeko. Izan ere, mugimenduaren sorreratik talde anitz, transbertsal eta bateratu bat sortzeko nahiari garrantzi handia eman zaio, pentsionisten mugimendua ideia, ideologia eta pentsamolde ezberdinak dauzkaten pertsonentzako elkargunea izan zedin.

Herritarren ekimenetik sorturiko mugimendua %0,25eko igoera iraingarri eta eskasa arbuiatzeko ideiarekin sortu zen, baina, pixkanaka eskakizun gehiago batu ziren pentsio publiko duin batzuk eskuratzeko borrokara. Azken hiru urteetan zehar Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak Irunen antolatutako elkarretaratzeez gainera, Gipuzkoa zein estatu mailan antolatutako beste kontzentrazioetan parte hartu du. Era honetan, han-hemen egindako mobilizazio jendetsuei esker pentsioen gaia agenda politiko zein mediatikoan txertatzea lortu dute. Mugimenduaren inguruan bildutako pertsona kopuru handiak pentsionisten eskakizunen garrantzia ohartarazten zuen bitartean, pentsionisten mugimenduaren gaia komunikabide ezberdinetan gaurkotasunezko gaian bihurtu zen.

Pandemiaren eragina
Beste edozein arlotan bezala, COVID-19aren pandemiarekin pentsionisten elkarretaratzeak eta eskariak bigarren plano batera pasa ziren. Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak hirugarren urteurrenaren harira argitaratutako adierazpenean azaldu bezala, pandemiaren ondorioz hititar eta pentsionista asko zendu dira azken urtean zehar, ospitaleek bete ziren eta osasun krisialdiaren atzetik azken hamarkadetan ezagutu gabeko eragin sozial eta ekonomikoa etorri zen. Gauzak horrela, pandemiak osasun sistema publikoaren eta zainketen arloko gabeziak eta akatsak agerian utzi zituen.

Bitarte horretan, pentsioen etorkizuna baldintzatu duten hainbat gertakari jazo dira. Besteak beste, gobernu aldaketa gertatu zen, Toledoko Hitzarmeneko gomendioak adostu dira eta oraindik pentsioen etorkizuna baldintzatuko duen lege proiektu bat onartzeko dago. Txingudiko Pentsionisten Mugimendutik adierazi denez, borrokaren iraupen luzea, eguraldi txarra eta pandemiaren gainetik, kolektiboak pentsio publiko duin batzuk lortzeko borrokari eusten dio, orain eta etorkizunean pentsionistek bizitza duina izatea bermatuta egon dadin.

Bost dira Txingudiko Pentsionisten Mugimenduak bere kontzentrazio eta manifestazioen bitartez defendatzen dituen eskariak: solidario eta nahikoa izango den pentsioen sistema publikoa, KPIaren (Kontsumoko Prezioen Indizea) arabera pentsionisten erosketa ahalmena bermatzea, bizitza duina bermatuko duen 1080 gutxieneko pentsioa, pentsioen zenbatekoetan genero-arrakalarik ez izatea eta jasangarritasuna faktorea gisa indargabetzea. Aldarrikapenak gogoratzeaz gainera, mugimenduaren hirugarren urteurrenean pentsionisten ordezkariek hiru urte horietan zehar mugimenduarekin bat egin duten pertsonen babesa eskertu dute.

Helburua argi baino argiago
Hortaz hirian osasun krisialdiaren bilakaera hobetu bezain laster Txingudiko Pentsionisten Mugimendua pentsio publiko duinen borrokara itzuliko dela adierazi du. Zentzu horretan mobilizazioak berreskuratu ostean, kolektiboaren eskariak entzun eta errealitate bihurtzen direla ikusi arte elkarretaratzeen antolaketarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute antolatzaileek. Beraz, nork gobernatzen duen axola gabe, pentsioak defendatzen jarraituko dutela oihukatu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude