Urriaren 29ra arte aurkeztu daitezke Luis Mariano eta Iraso zentro sozialetako tabernak kudeatzeko eskabideak

Luis Mariano eta Iraso zentro sozialetako taberna-jangela zerbitzua kudeatzeko lizitazio publikoaren baldintza pleguak argitaratu dira. Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak orain dela hilabete jakinarazi zuen zerbitzua bera eta garai bateko jarduna errekuperatzeko asmoz lizitazioa onartu zuela. Esleipendunak 12:00etatik 19:00etara arteko ordutegia egin beharko du gutxienez, eta kafea, oinarrizko menua eta eguneko platera prezio jakin batzuetan eskaini.

Izan ere, 2021ean, aurreko kontratua bukatu zen, eta, berria esleitu gabe geratu zenez, ordutik, erabiltzaileek zerbitzua berriro emateko eskatu izan dute. Irungo Udalak ahalegin berezia egin du, zerbitzua emateko baldintzek interesa pizteko; hain zuzen ere, enpresek zein profesionalek parte har dezakete lizitazioan, eta hilabete dute eskabidea aurkezteko, hau da, datorren urriaren 29ra arte, barne. Zehazki, kanonaren tasa jaitsi du, nabarmen jaitsi ere, eta hilean behin eta abuztuan zerbitzua ixteko aukera eman du. Bestalde, bi zentroetako sukalde eta jangeletako instalazioak egokiak dira, baina Udalak egokitu egingo ditu, zerbitzua emateko beharrei erantzun diezaieten.

Adineko espazioak biziberritzen

Gizarte Ongizateko Arloak adinekoentzako espazioetako jarduna areagotu nahi du, eta zentroak beraiek eta erabiltzaileak biziberritu. Horrela, zerbitzuaren bidez, harreman berriak sortzeko aukera emango du, nahi ez dutenak bakarrik ez egoteko eta adinekoen ongizatea handitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude