VíaIrun – Hiria Gara proiektua METREX nazioarteko konferentzian aurkeztu da gaur

Ostegun honetan, Irungo alkate Cristina Labordak Europako hirurogei hiritako baino gehiagotako ordezkarien eta hiri plangintzan eta lurralde garapenean adituen aurrean aurkeztu du VíaIrun – Hiria Gara proiektua. METREX nazioarteko konferentzia Ficoban egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eskutik.

METREX sareak Europa osoko metropolietako arduradunak biltzen ditu, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta lurralde kohesioaren esparruko esperientziak ezagutarazteko elkarri, eta, udazkeneko topaketan, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko estatu idazkariak, José Antonio Santanok; Mugikortasun Jasangarriko sailburuak, Susana García Chuecak; Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Domínguezek; eta Irungo Udaleko Hirigintzako ordezkariak, Sergio Javierrek. Bada, VíaIrun sarearen aurrean aurkeztu izanak proiektuaren nazioarteko proiekzioa areagotuko du, eta Irun hiri plangintza jasangarriaren Europako erreferentzia gisa posizionatu. Konferentzia bihar bukatuko da: kongresuan parte hartzen ari diren hogei bat lagunek bisita tekniko gidatu bat egingo dute Irungo trenbide eremura.

Cristina Labordak nabarmendu duenez, VíaIrun “trena Irunera iritsi zenetik hiria bere onera itzultzeko martxan jarri dugun operazio nagusia da”, mugarri estrategikoa Gipuzkoaren etorkizun ekonomiko eta sozialean. Alkateak azaldu duenez, “ez da hirigintza proiektu hutsa; aitzitik, hiriaren gaineko ikusmolde kolektibo bat da, berrikuntza eredu bat, ekonomia jasangarriaren eredu bat eta hiriak eraldatzeko eredu bat, etorkizunera begiratzen duten Europako hirien mapan kokatzen duena Irun”.

Proiektuaren nondik norkoak

Labordak gogorarazi duenez, proiektuak 76.000 metro karratu baino gehiago hartzen ditu barnean, hiriaren erdi-erdian, eta 35.000 ezagutzaren, enpresa berritzaileen jardunaren eta ekintzailetzaren esparruko erabilera ekonomikoetarako erabiliko dira. Lehenengo fasean 1.500 eta 2.000 lanpostu bitartean sortzea aurreikusten da, eta, Planaren barruan, berrikuntzarako eraikin parke bat (bost pieza), etxebizitzak eta espazio publikoak eraikitzea.

Alkateak Irunen kokaleku estrategikoa gogoratu du, Atlantikoko ardatzean baitago, Baionak eta Donostiak osatzen duten eurohiriaren bihotzean, milioi erdi biztanletik gorako lurralde batean. “Eraldaketa handiek markatu dute gure historia, baina aldaketak aukera bihurtzen asmatu dugu beti, eta, gaur, abiadura handiko trenaren etorrerak eta trenbide eremuaren berrantolaketak etapa berri bati hasiera ematen diote, Europako atea bihurtzeko aukera emango digun etapa bati”.

Proiektuaren aurrerapenak

Labordak proiektuaren aurrerapenak azaldu ditu, hala nola geltoki intermodal berria: inbertsioa 65 milioi eurotik gorakoa da, eta lanak aurrera doaz, erritmo onean, 2026rako bukatzeko aurreikuspenei jarraituz. Era berean, Aduana zenaren birgaikuntza aipatu du: lanak hastear daude, eraikin historiko hori berrikuntzarako eta ekintzailetzarako oinarrizko zentroa bihurtzeko, 7.000 metro karratutik gorakoa, coworking gunez, bulegoz eta prestakuntza emateko eta ekitaldiak egiteko gunez osatua. “Hiri barruti berritzaile eta jasangarri berri bat nahi dugu, hirian erabat integratua, talentua, inbertsioa eta jarduera ekonomiko berriak erakartzeko gai dena”, erantsi du.

“VíaIrun hiria mapan kokatzeko aukera bat da, eta Europa osoari erakustekoa hiri ertainek etorkizun sena izan dezaketela eta eraldaketa prozesuen buruan izan daitezkeela”, laburbildu du alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude