
Zaisa Txingudik urte berria gogoz hasi duela erakutsi du Iruñeko La Unicaren aurka. Lehenengo minututik, etxekoen defentsaren antolaketak nafarren aukerak zapuztu ditu. Hala ere, bisitariek intentsitate handiko jokoa zabaldu dute eta iniziatiba erakutsi dute, baloiaren jabetze minutu luzez mantenduz.
Behin eta berriz saiatzeak, azkenean, fruituak eman dizkio La Unicari eta entsegua lehenengo zatiko hamaseigarren minutuan iritsi da. Bidasoarrak ez dira fin ibili erasoan, baloi asko galduz edo aurkarien plakaketak sendoak jasoz. Lehenengo zatiaren azkeneko jokaldian, bigarren marka iritsi da atsedenaldira 0 eta 10 markagailuarekin iritsiz.
Bigarren zatian, La Unicak mailari eutsi dio eta Txingudiren aulkiak ezin izan du lagundu egoerari bira ematen. Horrela, beste hiru entsegu egitera iritsi dira nafarrak 47, 52 eta 66. minutuetan, horietako bat eraldatuz (0-27). Mugakoek puntuak lortzeko aukera izan dute, baina Aritz Rodriguezen entsegua izango zena ondo blokeatu du La Unicaren defentsak.
Iñigo Camarero Tausek eta Leire Muñoz Caok hurrengo hamabostekoa zelairatu dute: Aitor Asurmendi, Xabi Sanchez, Aritz Rodriguez, Imanol Rodriguez, Jon Mediavilla, Julen Iglesias, Juan Carlos Lora, Hector Pescador, Ioritz Franco, “Lutxo” Echeverria, Hodei Guerrero, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alberto Robleda. Aulkian Joao Costa, Jon Sanchez eta Pablo Besga hasi dira.
Emaitza honekin, La Unica Bk igoera fasea jokatzeko bidea jarraitzen du eta Zaisa Txingudik zortzigarren postuan mantentzen da, Uribealdea Mungiaren gainetik.
Emakumezkoen errugbiari bultzada
Larunbata egun garrantzitsua izan da ere emakumezkoen errugbirako. Izan ere, Donostian egin da Gipuzkoa eta Euskadiko federazioek bultzatutako modalitate berriaren lehenengo topaketa, neska gazteek errugbiarekin lehen kontaktua errazteko sortutakoa.
Bost jokalarirekin eta plakaketarik gabe, Atletico San Sebastianen zelaira gerturatu diren neskek, lau taldetan banatuta, hainbat partida jokatu ahal izan dituzte eta Txingudi bertan izan da.
Greta Gutierrez, Paula Da Purificaçao, Annie Pascaru, Naia Piquero, Arantxa Imbaquingo eta Maddi Cabrero izan dira Onintza Burgera zuzendaritzapean eta Asun Gamindezen laguntzarekin gaur kamiseta beltza eta zuria jantzi dutenak.
Errugbia emakumeen artean sustatzeko apustua irmo jarraitzen du Bidasoaldean.
Mattin Petrikorena, Euskadiko selekzioarekin
16 urte azpiko Txingudi taldeko aurrelaria Euskadik larunbatean Ordizian Gaztela eta Leonen aurka lortutako garaipenean (13-8) parte hartu du. Amaierako hogei minutuetan aritu da lehen lerroan.



