
1923ko urtarrilaren 7an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aurreko zenbakietan gertatu bezala, zenbaki honetan ere Aduanaren gaiari heltzen zaio berriro. Kasu honetan, Justinianok berriro defendatzen du langileentzat elkargoko kide egiteak dauzkan abantailak. Bertso erromantikoen atalean Errege Magoei buruzko olerkia irakur daiteke. Jarraian, Amuten jokatutako ongintzako partiduan bildutako dirua eta ekitaldiaren balorazioa egiten da. Orrialde amaieran, “En los buenos amigos” titulua daraman atalean elkartearen egoitzan Eguberri egunean egindako emanaldiaren kontakizuna egiten du Estanisek.

Bigarren orrialdean, kirol atalean, Realaren partiduaren nondik norakoak errepasatzeaz gainera, Espainiako eta Frantziako selekzioek jokatutako partidua errepasatzen da. “En el municipio” atalean, ohikoa denez, azken udal bilkuran hartutako erabakiak laburtzen dira. Orrialdeko azken idatzian, berriz, aldizkariko kolaboratzaile ohikoa den “Sattarkak” Txinparrtak liburua argitaratu berri duela jakinarazten da, estatuko liburutegi nagusietan salgai dagoela aipatzeaz gainera.

Hain zuzen ere, hirugarren orrialdearen hasierako testuak Satarrkaren “Euskara dala-ta” testuak biltzen ditu. Ondoren, Ramon Garmendia maisua omentzeko egingo den ekitaldiaren antolaketarako bildutako diru kopuruaren berri ematen da. “Noticias” atalean askotariko gaiei buruzko informazioa biltzen da testu laburretan, esaterako, Hendaiako Hotel de France hotelean gertatutako suteaz hitz egiten da. Aldizkariaren amaieran X. kolaboratzaileak urte berriaren hasierari buruzko gogoeta partekatzen du, urte hasierak bizitzako arlo desberdinei nola eragingo dien hausnartuz.
Argazkiak: Irungo Udal Artxiboa