2020ko Vuelta bukatzear dela, Irungo Udalak irteerari buruzko lehenengo datu eta iritziak jaso ditu. Urriaren 20an abiatu zen lasterketa, hiritik bertatik, eta, ordutik, Irungo alkate José Antonio Santanorekin ez ezik, Kiroletako ordezkari Borja Olazabal
Udaltzaingoko eta Ficoba erakustazokako arduradunekin bildu da.
Kiroletako ordezkari Borja Olazabalen esanetan, “Vueltako irteeraren egoitza izatea oso erronka handia zen antolakuntzaren ikuspegitik, baina aukera bikoitza ere bazen, kirolaren eta hiriaren irudiaren ikuspegitik. Azkenean, emaitza ona izan da: okupazio handia inguruko hoteletan, nazioarteko tropelak gure kaleetan inongo arazorik gabe egin zuen 8 kilometroko ibilbidea eta Irunen izena lasterketari buruz mundu osoan barrena ibili den albiste bakoitzean”.
2020ko Vueltaren abiapuntu izatearen erakargarrietako bat egun batzuk lehenagotik azpiegitura osoa Ficoba erakustazokan izatea zen. Antolakundeko eta staff teknikoko kideak hilaren 14an iritsi ziren, eta inguruko hotelek astebetean nabaritu zuten ekitaldia, onerako, okupazio zifrek gora egin baitzuten. Lasterketan parte hartzen zuten taldeak iritsi zirenean, berriz, hotelen bat (Ibis hotela) % 100 beteta egon zen egunero. Zehazki, Atalaia, ETH, Urdanibia, Aitana eta Ibis hotelek izan zituzten lasterketarekin lotutako bisitariak, hala nola taldeak, antolakundeko kideak, teknikariak eta ekitaldiaren berri ematen zuten kazetariak. Era berean, hiritik kanpo nabaritu zen Vuelta, parte hartzaileek inguruko udalerrietan ere egin baitzituzten erreserbak, hala nola Hondarribian.
Hiriko trafikoari dagokionez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak oso koordinazio lan handia egin behar izatea ekarri zuen lasterkariak Irundik abiatzeak eta Irungo erdialdean ibiltzeak, zailtasunez betea probaren garrantziagatik. Zenbait trafiko eta aparkamendu aldaketaren berri eman behar izan zen, Santiago inguruan batez ere, baina tropela pasatzeak ez zuen arazo handirik eragin hiriko trafikoan, lasterketaren martxa onerako eta segurtasunerako aurrez jakinarazitako kale mozketak alde batera utzita. Goizeko haize bortitzak, ordea, izan zuen eraginik, irteera baino ordu batzuk lehenago hainbat hesi bota baitzituen, eta berauek berriro jartzera behartu.
Borja Olazabalek nabarmendu duenez, lasterketaren abiapuntua Irun izateak oihartzun handia izan du nazioartean. “Komunikabideak eta sare sozialak Vueltaren irteeraz mintzo ziren, eta bertan zegoen hiria, aste batzuk lehenagotik #IrunBueltanDa leloarekin prest”. Gogoan izan beharra dago Vueltaren datuen arabera lasterketaren seinalea mundu osoko 190 herrialdetara igortzen dela eta etapa bakoitzak 1,69 milioi ikusle dituela batez beste.
“Azken batean, balantzea ona da. Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldia aurrera eramaten lagundu duten guztiei, txirrindulariak Colón ibilbidean edo Karrika Nagusian ageri dituzten irudiak hiriko kirolaren historia baitira dagoeneko. Ilusio handiz genbiltzan egun honekin, eta, nahiz eta pandemia dela-eta ez zen izan hasieran imajinatzen genuen jardunaldia eta nahiz eta ezin izan genituen gauzatu aurrez pentsatu genituen hainbat jarduera, munduko etapakako hiru itzuli nagusietako bat hemen izate hutsa albiste ona izan da hiriarentzat”, adierazi du Kiroletako ordezkariak.