Euskaraldiaren edizioa hasteko gero eta gutxiago falta denez, Irungo Euskaraldiko lantaldeak ariketa soziala prestatzen joateko zenbait ekintza antolatu ditu. Batetik, Ahobizi eta Belarriprest tailerrak eskainiko dira eta, aurrerago ere, txapen banaketari ekingo zaio.
Ahobizi eta Belarriprest tailerrak
Guztira, bi formazio-egun antolatu dira Ahobizi eta Belarripresten formakuntzarako. Lehen formazioa azaroaren 6an, ostirala, egingo da, arratsaldez, eta bestea, azaroaren 14an, larunbata, goizez. Egun bakoitzean, bi tailer eskainiko dira, Ahobizi tailerra bata, eta Belarriprest tailerra, bestea. Biak Palmera Montero Guneko 5. aretoan egingo dira. Tailerretan parte hartzeko izen-ematea esteka hau jarraituz egin beharko da.
COVID-19a dela-eta segurtasun neurri guztiak beteko dira: edukiera mugatua izango da, musukoa derrigorrezkoa izango da, segurtasun distantziak errespetatuko dira, eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea nahitaezkoa izango da. Dena dela, unean uneko osasun-egoeraren arabera egokitzapenak egin ahal izango dira. Hortaz, aldaketarik balego, antolatutako ekintzetan izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie.
Txapen banaketa
Aurtengo edizioan, Irungo Euskaraldiako lantaldeko kideek aurreko edizioko txapa gordeta dituztenei, aurreko edizioko txapak berrerabiltzeko deialdia egin dute. Batetik, ingurugiroaren aldeko keinu gisa; eta bestetik, banaketa-egunetan izan daitezkeen elkartzeak murrizte aldera.
Txaparik ez daukanak, aldiz, Udal Euskaltegian jaso ahal izango du, azaroaren 9, 11, 13, 17 eta 19an, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.