
(Iturria: Hemen Gaude proiektua)
Iñaki Goikoetxea eta Maialen López irundarrak 33.000 kilometrotako road-trip kulturala egin dute Hego Ameriketako 9 herrialdetan barrena. “Hemen Gaude: Hego Amerikako Euskaldunon urratsetan” proiektuaren baitan 7 hilabetez euskaldun eta euskal kulturarekin lotutako lekuak bisitatu dituzte. Sare sozialak izan dira ezagutu dituzten pertsonak eta beren istorioak partekatzeko bozgorailuak. Behin abentura amaituta, ezagututako bazter eta bitxikerien errepasoa egin dute irundarrek.
Bidaia amaitua, nola baloratzen duzue esperientzia?
Maialen: Egia esan, oso esperientzia polita izan da. Aurreikusia genuena egitea lortu dugu, beraz, alde horretatik ere pozik gaude. Bidaiak azkenean 7 hilabete iraun ditu, baina gutxi gorabehera hori genuen aurreikusita. Guztira, 9 herrialde bisitatu ditugu eta plangintza betetzea lortu dugu aldaketa txiki batzuk eginda. Bidean pertsona asko ezagutu ditugu eta guztiak oso interesgarriak izan dira.
“Azkenean 80 elkarrizketa egin ditugu”
Iñaki Goikoetxea, Hemen Gaude proiektua
Iñaki: Jendeak itzuleran asko galdetu digu ea dena ondo atera zaigun. Lortu dugu bisitatu nahi genituen tokiak ikustea. Jendearekin ere oso ondo moldatu gara. Kotxeak ez digu arazo berezirik eman, berarekin han 33.000 kilometro egin ostean. Beraz, balorazioa hobe ezina da.
Hemen Gaude proiektuak euskal kulturaren eta Hego Amerikaren arteko lotura islatzea bilatzen zuen, ezta?
Maialen: Argentinan adibidez, jendearen kontaktuak lortzea oso erraza zen, euskal kulturarekin lotura duten pertsona eta elkarte guztiak FEVA, “Federación de Entidades Vasco Argentinas” federazioaren barnean antolatuak baitaude. Beste herrialdeetan aldiz, pertsonekin harremanetan jartzea zailagoa izan zaigu. Hala ere, jendea ezagutu ahala beste pertsona batzuen kontaktuak lortzen joan gara. Herrialde guztietan gutxienez elkarrizketaren bat egitea lortu dugu, nahiz eta egin gabe asko geratu zaizkigun, batez ere, Argentinan, gauza asko baitaude kontatzeko.
“Bizitzan behin bete nahi nuen amets horietako bat zen niretzat, eta lortu dugu”
Iñaki Goikoetxea, Hemen Gaude proiektua

Gaude proiektua)
Iñaki: Azkenean 80 elkarrizketa egin ditugu. Horietatik 70 bidaian zehar editatu ditugu eta oraindik beste 10 geratzen zaizkigu, datozen asteetan zehar sare sozialetan argitaratuko ditugunak. Azkenean, euskal kultura, folklorea, historia, genealogia, migratzaileen bizipenak eta lankidetza proiektuak partekatu ditugu gure edukiaren artean. Askotariko koktel bat osatu dugu osagai ezberdinak erabiliz, istorio eta protagonista oso interesgarriak ezagutu baititugu.
Beraz, aldaketa askorik egin gabe, etxean antolatutako ibilbidea burutzeko gai izan zarete?
Maialen: Paperak dena jasaten du, baina hara iritsi arte ez genekien pentsatutako guztia egiteko denbora nahikorik izango genuenik. Egia da nahiko azkar mugitu garela bertan, leku bakoitzean gehienez bizpahiru egunez gelditu garelako soilik. Beste baterako agian denbora gehiago emango genuke bisitatutako leku bakoitzean. Elkarrizketatu ezin izan ditugun beste pertsona batzuekin gerora harremanetan jartzea lortu dugu. Han ezagututako jendea ere gure etxera gonbidatu dugu bisita egitera etorri daitezen eta lehenengoa hemendik hilabetera iritsiko da eta asko pozten gaitu horrek.
7 hilabete denbora nahikoa da 9 herrialdetako istorioetan sakontzeko?
Iñaki: Oso txikiak direnak kenduta, beste herrialdeetan gutxienez hilabete bat eman dugu eta Argentinaren kasuan bi hilabete baino gehiago. Hortaz, ez gara turista hutsak izan, ezagunak ez diren lekuetan egon gara eta elkarrizketatu ditugun pertsona askoren etxean egon gara, eta lotara ere geratu gara. Esaterako, Argentinan Munduko Koparen bukaera zuzenean bizitzeko aukera izan genuen. Gainera, bertako jendearen eskutik leku berriak ezagutu ditugu. Hainbeste gauza ezagutu ostean, Hego Ameriketako herrialdeez orain beste ikuspuntu batetik hitz egiten dugu, adibidez, bertako ohiturak eta politikak gehiago ulertzen ditugulako. Beraz, 7 hilabeteek gauza asko ikasteko balio izan digute.
“Egia da nahiko azkar mugitu garela bertan, leku bakoitzean gehienez bizpahiru egunez gelditu garelako soilik”
Maialen López, Hemen Gaude proiektua
Uste bezain estua da Hego Amerikako herrialdeen lotura euskal izaerarekin?
Maialen: Hasiera batean Macachínera joan ginen, bertan Euskal Astea ospatzen zelako. Hara iristerakoan esperotako guztia hamar aldiz biderkatua ikusi genuen. Beste herrialdeetan ordea, ez genuen hainbesteko loturarik espero euskaldunak gutxiago direlako, baina hala ere, hainbat lotura aurkitu genituen bidean. Adibidez, Kolonbian euskal usadioetatik datozen ohiturak dituztela ikusi dugu. Espero genuena baino gehiago aurkitu dugu.

Bidaian Irunekin lotura zuzena zuten gauzak ere topatu dituzue?
Iñaki: Txilen Santiagon geundela “Hendaya” izeneko kale bat ikusi genuen. Horrek pentsarazi zigun agian kale gehiago egon zitezkeela euskal izenekin. Ikertzen hasi ginen eta konturatu ginen bakarrik Santiagon 200 kalek euskal izenak dituztela, horien artean Irun kalea, eta hura ikustera joan ginen. Gainera, Irun izeneko etxebizitza multzo bat topatu genuen eta baita hotel bat ere. Bestetik, Argentinako Trelew hirira joan ginen bertako euskal etxean euskara eguna ospatzera. Bertan konturatu ginen Irun izeneko gizon bati omenaldia egin behar ziotela eta berarekin hitz egiteko aukera izan genuen. 1936. urtean jaiotako gizon bat zen, Irun bonbardatu eta erre zuten urte berean eta hori dela eta jarri zioten Irun izena. Perun, Cuzco hirian, bertako euskal etxeak “Asociación Cultural Virgen del Juncal” izena du eta azken urteetan oso aktibo egon ez bada ere, orain ekintzak berreskuratzen hasi dira. Hasieran Irungoa ez den beste Ama Birjina baten izena izan zezakeela esan ziguten, baina bertan ikusi ahal izan genuen koadro batean Irungo Ama Birjina zela zehazten zela. Lotura berezi horietako batzuk aurretik ezagutzen genituen, besteak sorpresaz aurkitu ditugu.
Esperientzian zehar bizitako milaka bitxikerien artean baten bat partekatzerik duzue?
Iñaki: Kotxearekin era askotako errepideetatik igaro eta 4.800 metroetaraino igo ostean, kotxeak 32.000 kilometroetan ez digu aparteko arazorik eman. Etxera itzuli azken aurreko egunean txoke txiki bat izan genuen Colónen geundela moto baten kontra. Hala ere, tipoa oso jatorra izan zen eta momentuan konpondu genuen arazoa. Kasualitatea da 200 egun kotxearekin gora eta behera ibili ondoren, azken aurreko egunean arazo txiki hau gertatu izana.
Bertan bizitako momentu bakar bat aukeratu beharko bazenute zein izango litzateke?
Maialen: Zaila da momentu bakarra aukeratzea. Egon garen Euskal Etxe guztietan beti bilatu dute gurekin egoteko unea gu iristen ginen egunean bertan. Eskertzekoa iruditzen zait jendeak gurekin egoteko egin duen ahalegina eta oso berezia iruditzen zait.
“Hara iristerakoan esperotako guztia hamar aldiz biderkatua ikusi genuen”
Iñaki Goikoetxea, Hemen Gaude proiektua
Iñaki: Ni bidaia egiteko aukera izateaz oso eskertua nago. Proiektua egina genuen eta azkenean bertara joan ahal izateko data bat jartzea lortu dugu. Ez zen erraza izan bidaia egin aurretik gauza guztiak prestatzea, baina azkenean dena egitea lortu dugu eta ni horrekin geratzen naiz. Bizitzan behin bete nahi nuen amets horietako bat zen niretzat, eta lortu dugu. Jendeari gomendatuko nioke, horrelako amets bat izanez gero eta aukera edukita, bitan pentsatu gabe egitea, egunak gordetzea eta diru apur bat aurreztea bezain erraza baita.
Aurreikuspenen kontra, kotxeak abentura guztia irautea lortu duzue, ezta?

proiektua)
Maialen: Bai. Nik egia esan, hasieran asko sufritzen nuen errepideak ez zirelako oso onak, baina, era berean, kotxea bidaia egiteko ezinbestekoa zen. Bidaia luzea izan denez gauza asko eraman behar izan ditugu eta autobusez mugitzea pentsaezina zen. Gainera, ohikoak ez diren lekuetara iristeko modu bakarra kotxea erabiltzea zen. Bidaian zehar autoari bi azterketa egin genizkion, 15.000 eta 30.000 kilometroetara iritsi ginenean, eta dena ondo zegoela esan ziguten bietan. Jendeak harrituta galdetzen zigun kotxea non erosi genuen, hainbeste kilometro egin ostean matxurarik ez zuela ikusterakoan. Bidaiaren hasieran ez genuen argi ikusten kotxeak etxera itzultzea lortuko ote zuen eta azkenean hala izan da.
Nolako harrera egin dizuete zuen proiektua aurkeztera joan zareten lekuetan?
Iñaki: Hirietara joatea eta bertan euskal kulturarekin loturiko istorioak aurkitzea ez da hain zaila. Guk aldiz, kotxearekin Txileko Patagoniara edo Argentinako mendietara iristea lortu dugu eta jendeak asko eskertu digu ahalegin hori, beraiengana heltzea ez baitzen erraza. Gainera, hara iritsi eta elkarrizketa bat egin nahi genienez, protagonismo horregatik ere eskertuak zeuden, beraien istorioak entzuteko prest geundelako. Elkarrizketatu ditugun pertsonak ezagunen lagunak ziren batez ere eta emandako harrera oso ona izan da. Beraien laguntza ere oso baliagarria izan zaigu guri askotan beraien etxeak eskaini dizkigutelako eta izapideak egiterakoan asko lagundu digutelako. Horri esker, hausnartu dugu hemen baino askoz irekiagoak eta atseginagoak direla. Bisitan datozenean han eskaini ziguten guztia itzultzen saiatuko gara.
“Hara iristerakoan esperotako guztia hamar aldiz biderkatua ikusi genuen”
Maialen López, Hemen Gaude proiektua
Bide batez, proiektua hemen inguruan duguna gehiago baloratzeko lagungarria izan daitekeela uste duzue?
Maialen: Ezagutu ditugun pertsona asko jada hemen egonak dira eta berriro etorri nahi dute eta egon ez direnek gure lurraldea ezagutzeko gogoa dute. Izan ere, asko gustatzen zaie hemengo kultura eta lekuak. Gainera, hemengoak ginela jakiterakoan harreman estuagoak sortu direla nabaritu dugu eta beraiengana errazago iristen lagundu digula konturatu gara.
Iñaki: Aipatu behar da euskal etxe batzuk ia 150 urte dituztela, beraz, ez da atzoko kontu bat. Hara joan eta bertan dauzkaten liburu, instalazio, frontoi eta dantza talde guztiak ikusten dituzunean konturatzen zara harrigarria dela euskal kultura mantentzeko egiten den lana. Uste dut euskal kulturaren inguruan mugitzen den jendeak bizitzan behin Txile, Argentina edo Uruguaira joateko ahalegina egin beharko lukeela, bertatik bertara ikusteko hango familia batzuentzat euskal etxeen inguruan gertatzen denak duen garrantzia.

(Iturria: Hemen gaude).
Etxera itzuli arren, abentura ez da guztiz amaitu. Ezagututakoa partekatzeko lanean ari baitzarete, ezta?
Maialen: Bai, etxera iritsi eta lau egunetara gure esperientzia partekatzeko aurkezpenak egiten hasi ginen. Gainera, oraindik elkarrizketa batzuk editatzea eta partekatzea falta zaigu. Proiektuari jarraipen bat eman nahi diogu, baina oraindik ez dakigu nola, agian, bisitan datozenekin edo. Dena dela, ziur Hemen Gaude-ren ibilbidea ez dela esperientzia honekin amaitu.
“Orain bidaiaren aitzakiarekin hitzaldiak edo jarduerak egiteko aukera badugu, bidaian zehar ikusitako eta ikasitako guztia ere partekatuko dugu”
Iñaki Goikoetxea, Hemen Gaude proiektua
Iñaki: Orain arte Euskal diasporarekin lotutako istorioak literatura eta internet bidez kontatu dira, baina sare sozialetan ez dira hainbeste aipatu. Gure helburua hori zen, edukia hor partekatzea. Orain bidaiaren aitzakiarekin hitzaldiak edo jarduerak egiteko aukera badugu, bidaian zehar ikusitako eta ikasitako guztia ere partekatuko dugu, guregatik egin duten esfortzuak hala merezi duelako.
Hasi al zarete bidaiaren bigarren zati bat egitea pentsatzen?
Maialen: Berriro itzultzeko gogoa dugu, ez dakiguna da noiz. Ziurrenik ez da datorren urtean izango, aurrerago izan beharko du. Niri gustatuko litzaidake egon garen lekuetara berriro itzultzea eta ikusi ez ditugunak ere bisitatu ahal izatea. Gure hurrengo bidaia Anberesera izango da, gure kotxea bertara iritsiko delako. Udan opor txiki batzuk egingo ditugu eta ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatuko den.
“Eskertzekoa iruditzen zait jendeak gurekin egoteko egin duen ahalegina eta oso berezia iruditzen zait”
Maialen López, Hemen Gaude proiektua
Iñaki: Hori da. Oraindik proiektu honekin amaitzea falta zaigu, hau da bideoak eta material guztiak editatzea eta partekatzea. Udazkenean ere bidaiarekin loturiko hitzaldiak izango ditugu. Gainera, Irunen ere ondo gaude, familiarekin eta lagunekin egoteko gogo handia dugu eta aurretik genuen bizitza berreskuratzeko gogoa ere badugu. Gure bizitza erabat egonkortzea lortzen dugunean hasiko gara pentsatzen zein izango den gure hurrengo bidaia.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen webgunean duzue.



