Mila pertsona inguruk gozatu dute Bidasoa Folk jaialdiaren XXII. edizioaz

Jendearen erantzunak Bidasoa Folk jaialdia eskualde mailan udako kultur agendaren baitan ospakizun erreferente bat bezala finkatzea ahalbidetzen du. Joan den asteburuan ospatu da jaialdi honen 22. edizioa Irunen, Hendaian eta Hondarribian, bere udalen eskutik, Bidasoa-Txingudi Partzuergo Mugakidea lagun, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Jaialdiaren antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute, bai jendearen partaidetzarena eta bai etorritako taldeen kalitatearena. Bost kontzertuek mila lagun inguru bildu zituzten. Eta publikoak, Alemania, Aljeria, Armenia, Maroko, Siria, Valentzia eta halaber Euskaditik etorri ziren artisten taldeek interpretatutako askotariko musikak zuzenean gozatu eta partekatu zituen.

Jaialdia abuztuaren 18an abiatu zen Irunen Dissidentenen kontzertuarekin. Bigarren kontzertua Hendaian ospatu zen Urbalia Rurana eta Belar Hostoak taldeen partaidetza bikoitzaren eskutik. Hondarribiko Armen plaza izan zen Bidasoa Folk jaialdiaren azken jardunaldirako eszenatokia. Egun horretan, Maria Moramarcok eta Mediterranean Voices taldeak jendearen txalo zaparrada eragin zuten jaialdia agurtzerakoan.

Bidasoa Folk jaialdiaren arrakasta

Duela 22 urte sortu zen, eta kultura arteko proiektu honen jatorrizko asmoa zen folk musikako mugaz gaindiko jaialdi bat antolatzea, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalekin elkarlanean, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko partzuergoaren  bitartez.

Udalen arteko lankidetzak, antolakuntzaren esparruan, kalitatezko folk musikako jaialdi bat aurkezteko ahalegin guztiak bateratzea ahalbidetu du, doako kontzertuen bidez, askotariko ikusleak erakartzeko asmoz: Bidasoako herritarrak eta bisitariak, gazteak eta ez hain gazteak, zaleak, jakitunak eta adituak.

Jaialdi honek Bidasoa Txingudi Eskualdea kultura eta turismo interesgune gisa garatzea ahalbidetzen du eta, aldi berean, herrialde ezberdinetako musika eta tradizioak balioan jartzea. Gainera, jaialdi honen kultura- eta musika-aniztasunak Bidasoa-Txingudi lurraldearen berezko kultura-aniztasuna nabarmentzea ahalbidetzen du.

Bestalde, urtero Bidasoa Folken jaialdia ospatzeko beste arrazoietako bat Bidasoa Txingudi eskualdeko herritarrak biltzea eta elkar ezagutzea eta harremanak sustatzea izaten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude