Irunen telefono kabinek erabilera berri bat dute: liburuak trukatzeko espazio ireki izatea. Izan ere, 2023ko abuztuan kabinak lagatzeko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Telefonicak, eta orain erabiltzen ez diren horietako batzuei bigarren bizitza bat eman nahi die Udalak, liburuak trukatzeko gune gisa gaituta, hiriaren zenbait puntutan.
Horrela, otsailean liburuak trukatzeko gune gisa atondutako lehen telefono-kabina inauguratu zen, Altzukaitz eta Bertsolari Uztapide bertsolariaren kaleen arteko bidegurutzean. Gaur, beste bi gehitu behar dira zerrendara: Arizmendi almirantearen kalean dago bat, Mendibil merkataritza-gunearen ondoan, eta Santiago kalean bestea. Biak ala biak prest daude, herritarrek erabil ditzaten, beti ere «liburu bat hartu eta beste bat uztearen» premisaren arabera.
Hiru kabina horiei San Juan, Behobia eta Oinaurreko liburutegiak batuta, sei instalazio ditugu hirian eleberriak, ipuinak eta bestelako argitalpenak nahi bezala trukatzeko. Ekimenak irakurzaletasuna sustatzen du eta, gainera, Irungo Udalaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa indartzen du, bestelako erabilera bat ematen baitzaie dagoeneko erabilerarik ez duten hiriko elementu batzuei.



