
Txingudi errugbi Klubak Emakume Errugbi Egunaren edizio berria ospatuko du larunbat honetan. Denboraldiaren hasiera gero eta gertuago dauka eskualdeko errugbi taldeak, urriaren lehenengo asteburuan aurreikusten baita Euskal ligaren hasiera. Ordura arte, taldea denboraldiaurreko prestaketarekin jarraitzen du eta, gainera, sustapen ekintzak lantzen ari da.
Emakumezkoen errugbia sustatzen
10:00etan ongietorria egingo diete Biok Txingudiko jokalariek Plaiaundira gerturatzen direnei. Edozein adin, baldintza fisiko, jatorri edo abilezia duten emakumeak gonbidatuak daude egunean zehar egingo diren ekintzetan parte hartzera.
11:00etan, joko eta dinamika ezberdinak egingo dira kirolaren arlo ezberdinak azaltzeko eta, behin martxa hartuta, 12:30etan, bosnaka antolatuko dira parte hartzaileak haien arteko partidak jokatzeko. Goizeko egitaraua bazkariarekin amaituko da 14:00etan.
Ondoren, Biok Txingudiko jokalariek Bera Bera/Ordizia taldearen bisita jasotzeko prestatuko dira. 17:00etan, bi taldeek denboraldiaurreko lehenengo lagunartekoa jokatuko dute. Ohiko hirugarren denbora izango da emakumezkoen errugbi egun honen amaiera emango diona.
Lagunartekoak harrobiko taldeetan
Denboraldiaurreko konpromisoak ere izango dituzte Txingudiren gainontzeko taldeek. Larunbat goizean, Txingudi/Baztan sub 16 taldea Ordizian eta Gabiria Txingudi/Baztan sub 18 Hernanin arituko dira. Igandean, Txingudi/Orereta/Baztan sub 14ak izango dira Hernaniko berdegunean jokatuko dutenak.
Gizonezkoen taldeak asteburu honetan ez du jokatuko. Pasa den larunbatean, Donostian aritu zen José Luis Peña “Toci” kopa zela-eta. Iñigo Camarerok gidatutako jokalariek arerio gogorrak aurkitu zituzten Atletico San Sebastian eta Sortzen B taldeetan.
Biok enpresara bisita
Zehazki, irailaren 19an, emakumezkoen taldearen babesle nagusiari, Biok Experiential Shopping markari, bisita egingo dio Txingudiren ordezkaritza bat babesletzaren berritzea irudikatzeko.
Biok mugaren inguruan egoitza duten hainbat enpresak biltzen dituen taldea da, 1977. urtean sortua eta familia-tradizio oso errotua duena. 2022an, Txingudi errugbi klubaren babesle bihurtu zen eta, pasa den denboraldian, emakumezkoen talde aitzindariaren babesle nagusi bilakatu zen. Aurten, babesletza berritzeaz gain, klubak larunbatean egingo duen Emakume Rugby Egunaren babeslea izango da.
Argazkiak (Txingudi RC): Emakumezkoen taldearen entrenamendu bat



