Delitu-egitateei buruzko 2024ko datuek erakusten dutenez, Irungo delitugintza kopuruak % 2,61 egin du behera 2023koarekin alderatuta. Datu horiek kontrajarri egiten dira Euskadiko % 3,39ko igoera orokorrarekin edo Gipuzkoak lurralde gisa duen % 9,10eko igoerarekin. Euskal hiriburuei dagokienez, Gasteiz, Bilbo eta Donostia, hauek % 0,82, % 2,49 eta % 18,7ko igoera jasan dute, hurrenez hurren.
Joan den astelehenean, martxoaren 31n, Ertzaintzaren eta Irungo eta Hondarribiko udaletako Udaltzaingoen arteko Segurtasun Batzordea egin zen Irungo Ertzain-Etxean, eta 2024. urteko delitu-egitateen balantzea eta analisia egin zen. Bilera horretan, Irungo eta Hondarribiko alkateak egon ziren, eta Irungo Ertzain-etxeko arduradunak eta bi udalerrietako Udaltzaingoetako arduradunak.
Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, “egia da lan asko dagoela egiteko, baina beti da positiboa hirian delitu-kopurua jaistea. Udalean jakitun gara, segurtasunaren gaia herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat dela, eta, horregatik, Ertzaintzarekin koordinazioa indartzen jarraituko dugu, hirian gertatzen diren delituei aurre egiten jarraitzeko. Badakigu irundarrek elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko ekintza zehatzak eskatzen dizkigutela, eta ahaleginak bikoizten eta gure ekintzak indartzen jarraituko dugu, aurten markatzen ari garen ildo horrek beherantz jarrai dezan”.
Bestalde, Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako ordezkariak “Irungo Udaltzaingoak, proaktibitate eta elkarlanarekin, hiriaren babesa eta herritarren segurtasunaren hobekuntzarako aurrerakuntza esanguratsuak lortu ditu. Atxilotuen zifrek, atestatu judizialek eta egindako esku-hartzeek prebentzioa, kontrola eta sentsibilizazioa konbinatzen dituen ikuspegi bat nabarmentzen dute. Arlotik auzoetan presentzia handiago bat, arau-hausteen kontrol zorrotzagoak eta polizia-agenteen etengabeko formakuntzak bultzatzen jarraituko dugu, irundarren bizi-kalitatea hobetzeko eta bizikidetasun seguruago bat ziurtatzeko”.
Delitu motaren araberako datuak
2023an, 4.748 arau-hauste penal izan ziren hirian, eta 2024ko memoriak 4.624 arau-hauste penal aurkeztu ditu. Hala, 1.000 biztanleko arau-hausteen tasa 72,64koa da. Bi poliziek Irunen egindako estatistika bateratuak datu hauek adierazten ditu:
Pertsonen kontrako delituen atalean, pertsonen osotasunaren aurkakoak edo lesioak sartzen dira, familia-eremuko tratu txarrak barne, eta ikusten dugu arau-hausteak 524tik 553ra egin zutela gora, % 5,53ko igoera. Bestalde, askatasun sexualaren aurkako delituek % 17,02ko beherakada izan zuten, 47 kasutik 39ra.
Ondarearen aurkako delituen kasuan, 2023an, mota honetako 2.235 delitu erregistratu ziren, eta iaz % 3,09ko jaitsiera izan zuen, 2.166 izan baitziren. Bestalde, indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak ez dira aldatu 2023tik 2024ra, eta 93 izan dira bietan. Etxebizitzetan egindako lapurretak zertxobait igo dira Irunen, 85etik 93ra (% 3,41eko igoera), eta etxebizitzaren eranskinetan ere (garajeak…) igo egin dira, 15etik 23ra. 2024an, ebasketak % 10,75 jaitsi ziren Irunen, 1.209 kasutik 1.079ra. Aipagarria da saltokietan egindako lapurretak ere % 32,39 jaitsi direla: 2023an, 71 izan ziren, eta 2024an, 48.
Era berean, beherakada txiki bat izan da iruzur-delituetan: 2023an 64 salaketa jaso ziren, eta iaz, 59. Delitu informatikoek, oro har, % 11, 39 egin zuten behera; 2023an, 1.062 izan ziren, eta, 2024an, 941.
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituen barnea, Irunen % 27,24ko igoera egiaztatu ahal izan zen: 268tik 341era. Arrazoien arabera, osasun publikoko gaian, hau da, droga-trafikoan, arau-hausteak 36tik 63ra igo ziren (% 75eko igoera). Alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzearekin lotutako delituak 2023ko 180en azpitik, iaz 175 izan ziren eta.
Estrategia bateratua
Era berean, nabarmendu behar da Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzarako berariazko hitzarmen bat sinatu zela 2024ko uztailaren 22an. Hitzarmen espezifiko horren helburu nagusia da Irungo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza eta elkarlanerako formak eta prozedurak arautzea polizia-zerbitzuen operagarritasuna hobetzeko, zerbitzu gehiago eginez horrela herritarren beharrei zerbitzu eraginkorrago bat eskaintzeko.



