Hogei urte Oiassorekin: iraganaren zaindariak

Uztailaren 20an, OIASSO Museoak bere hogeigarren urteurrena ospatuko du. Bi hamarkada, eta a zer nolako hamarkadak gainera. Irunen 2006an zabaldu zenetik, museoa ez da soilik erakusketa gune bat izan: gure hiriaren memoria biziaren gordailu bihurtu da, eta irundarron nortasunaren zati ezinbestekoa.

Arkeolan Fundazioaren eskutik egindako indusketa arkeologikoek erabat eraldatu zuten ordura arte ezagutzen genuen errelatoa. Indusketa horietan egindako aurkikuntzei esker erromatarren garaiko portua, nekropolia eta meategiak ezagutu ahal izan genituen. Ikerketa horiek punta-puntako ondarea azaleratu zuten, eta 12 eta 15 hektarea arteko hiri erromatarra agertzen hasi zen pixkanaka. Horri esker, Oiassoko eguneroko bizitza ezagutzeko aukera jaso genuen.

Hala ere, jasotako guzti horri behar zuen garrantzia emateaz gain, gure historia partekatu ahal izateko museoa sortzearen aldeko apustu ikaragarria egin zen. Arkeologoen lan isilari oihartzuna zor zaio, eta euripean edo kiskaltzen duen eguzkipean, lokatz eta lur artean historiaren puzzlea eraikitzeko aztarnarik txikienaren bila dabiltzanen lana ezin da ezkutuan utzi. Honela bada, hiri hartan bizi ziren gizon-emakumeen aztarnak, beren eguneroko tresnak, jantziak, ontziak, zeramikak, arrantzarako tresnak, baita meategietakoak ere, gaur egun Eskoleta kaleko eraikinean gorde eta erakusten dira.

Hogei urte hauetan, museoak  irundarren bihotzetan leku berezia irabazi du, eta bizirik dagoela erakutsi du. Bisitak, erakusketak, bisita gidatuak, tailerrak, ikastaroak, antzerki ikastaroak, hitzaldiak, bidaiak, FICAB arkeologia zinemaldia, argitalpenak, jaialdiak, Dies oiassonis jaialdia… Eta nola ez, saretzea, bai beste kultur eragileekin, baita erakundeekin, unibertsitate eta ikerlariekin eta gure kide diren museoekin -gure ingurukoekin eta baita mundu mailakoekin-. 2025ean, gainera, sorreratik genuen ametsa gauzatu zen, eta museoaren ondoan industuta zeuden termak ikusgai jarri dira, eta hori Oiassoren garrantziaz jabetzeko aukera ezin hobea da. Benetan ikusgarriak dira, gainera!

Ama Xantalengo Nekropoli zoragarria, Oiasso museoa, Termen eraikina eta orain, berrituta irekiko den Irugurutzetako meatze barrutiak benetan borobiltzen du Irun erromatarrerako bixita. 20 urte pasa dira, baina hor jarraitzen du museoak inoiz baino biziago eta inoiz baino jende gehiago erakartzen, gainera. Harro egoteko modukoa, alajaina! Baina batez ere, museoak egiten duen eskaintzari Irunek eta irundarrek biziki erantzuten diotelako.

Dies Oiassonis ospakizunak uztailaren 16tik 19ra bitartean egingo dira, eta hain juxtu ere, festa horiek amaitu eta hurrengo egunean, hogeigarren urteurrenaren ospakizun handia izango dugu. Baina ospakizunak ez ditugu egun bakar batean eta ekitaldi bakar batekin amaitu nahi. Horregatik maiatzean bertan, Museoen Nazioarteko eguna zela eta, Arkeolan Fundazioko eta Oiasso Museoko sortzailea eta zuzendaria izan zen Mertxe Urteagaren hitzaldiarekin eman diogu gure urtebetetze ospakizunei hasiera.

Benetan azpimarratzeko moduko hitzaldia izan zen, eta ordubetez, museoaren oinarri diren piezen aurkikuntzetatik hasi zen kontakizuna, izan ere, 1992an egin zituzten indusketen emaitzak sekulakoak izan ziren, eta arkeologo gazte haiek ikertu eta sailkatzeko metodologia ere ekarri behar izan zuten; eta hori gutxi balitz, bertan topatu zuten Ctesibioren balbula, penintsulan topatu ziren erromatarren garaiko lehendabiziko melokotoi hezurrak, zeramikak (150.000 puska topatu dira), larruzko oinetakoak, eta beste hamaika pieza bildu eta 1995ean erakusketa bat antolatu zuten Amaia Kultur Zentroan. Helburua ez zen besterik gabe topatu zen guzti hura erakutsi eta balioan jartzea, baizik eta Mertxek zioen bezala, erromatar kultura hemen, gure artean, bizi izan zela kontatzea eta ezagutzera ematea. Izan ere, gizarte batek bizirauteko beste kulturek eskaintzen dituzten aurrerapauso eta aberastasunetatik edan behar du.

Hala ere, ehundaka oztopo gainditu behar izan zituzten, uztailaren 20 hartan, Termak atzeko aldean zituen Eskoletako eraikineko ateak zabaltzeko. Bere esanetan, museo bizi eta atsegina nahi zuten, eta oso ondo zahartu den museoa dela azpimarratu zuen. Eta urte guzti hauetan egindako lanak guzti hori ondo baino hobeto islatzen du.

Eskerrik asko Mertxeri, Jaime Rodriguez Salísi, eta beste hainbat bidelagunei, amets hori egia bihurtu zenuten guztioi. Uztailaren 20an, 20 kandela baino 20 suziri piztu beharko genituzke!

Eta datozen urteak orain artekoak bezain oparoak eta aberatsak izan daitezela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude