Irungo Udalak, Hiri Bultzada eta Ekonomia Sustapeneko arloaren bitartez eta Badoa enpresarekin elkarlanean, ‘Beti itzultzen naizen tokia’ izeneko kanpaina berria jarri du martxan, urtea amaitu arte indarrean egongo dena. Ekimen honen helburu nagusia tokiko ekonomia indartzea da, Irungo merkataritzari eta herritarrekiko duen hurbiltasunari merezi duen balioa emanez. Euskarri digitalean oinarritzen den egitasmo honek pertsonak hurbileko saltokiekin konektatu nahi ditu berriro, herritarrei gogoraraziz non erosten den aukeratzea Irunerako nahi den hiri eta bizi eredua aukeratzea ere badela.
Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Hiria Bultzada eta Ekonomia Sustapeneko ordezkariak kanpainari atxikitako establezimendu batean aurkeztu du proiektua, bertako merkatariekin batera. Alzagak nabarmendu duenez, tokiko merkataritza Irungo nortasunaren eta auzoetako bizitzaren funtsezko zatia da, pertsonen arteko harremanak eta hiri bizi baten eraikuntza sustatzen dituena. Azken urteotan erosketa-ohiturak aldatu eta prozesua deshumanizatu egin dela eta, kanpaina honekin merkatarien tratu paregabea, konfiantza eta zerbitzu pertsonalizatua goretsi nahi dituzte, erosteko gune soil bat baino gehiago, bezeroak ezagutu, entzun eta laguntzen dituzten konfiantzazko txokoak direla gogoratuz.
Commerce Lab erabilgarri
Kanpaina honen osagarri gisa, datorren ekainaren 1etik aurrera, Irungo saltokiek eta merkatarien elkarteek Commerce Lab espazioa erreserbatu ahal izango dute hainbat jarduera aurrera eramateko. Gune hau erabat doakoa izango da merkatarientzat, eta bertan tailerrak, bilerak, hornitzaile edo bazkideekin batzarrak, show room-ak egiteko edota produktuen argazki-seta erabiltzeko aukera egongo da. Erreserba egiteko, Udalaren webgunean inprimaki sinple bat bete beharko da, ekintza burutu baino astebete lehenago gutxienez.



