Irungo historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuen egitarau zabala prestatuko da udarako

Irun ezagutzea, azken finean, bertako historia aberatsa ezagutzea da. Horregatik, Irungo Udalak eta Turismo Sailak udako bisita gidatuen egitarau zabala jarri dute berriro ere martxan, herritarrei zein bisitariei hiriko ondarea, kultura eta historiaren parte diren leku esanguratsuenak gertutik arakatzeko aukera eskainiz. Uztailean eta abuztuan zehar garatuko den egitarau honek erromatar garaitik hasi eta XIX. zeharreko muga-pasarte zein meatzaritza-ondarerainoko ibilbide anitzak biltzen ditu, herriaren nortasuna bertatik bertara ezagutarazteko helburuarekin.

Hirigune historikoan eta Bidasoako ertzean zehar antolatutako ekimenei dagokienez, eskaintza anitza da. ‘Irungo historia, zubiz zubi’ bisita ostegunetan egingo da 11:00etan (3 euro), Avenida zubian hasi, Bidasoaren ertzetik igaro, Gazteluzarrera igo eta Behobiako aduana zaharrera arteko pasarteak aztertuz 2 ordu eta 20 minutuz. Horrez gain, ‘Irun, 2.000 urteko historia’ ibilbideak eliza, kanpandorrea eta San Juan eremu historikoa zeharkatuko ditu astearteetan euskaraz (11:00) eta ostiraletan gaztelaniaz (17:00), 3 euroko prezioan. Bestalde, Junkaleko Parrokiako kanpandorrera igotzeko saio azkarrak (1,5 euro) larunbat goizetan eskainiko dira hiria goitik ikusteko, eta ekainetik azarora arte, hileko azken larunbatetan, Udaletxeko barne-espazioak doan ezagutzeko aukera egongo da gida baten eskutik.

Bestalde, hiriaren erromatar iragana eta meatzaritza-jarduera ezagutu nahi dutenek Oiasso Museoaren zein Irugurutzetako eremuko bisitetan izango dute aukera nagusia. Ostiraletan Oiasso Museoa eta erromatar termak biltzen dituen bisita egingo  da (9 euro tarifa orokorra / 7 euro murriztua), eta larunbatetan Tour Irun Romano (TIR) ibilbide tematikoaz gozatu ahal izango da. Gainera, Irugurutzetako meategi eta labeak ezagutzeko saio gidatuak ostiral arratsaldetan zehar nahiz igande goizetan egingo dira (12 euro tarifa orokorra / 9 euro murriztua), Bidasoko meatzaritza-ondarearen garrantzia bertatik bertara azpimarratuz.

Aldez aurreko izen ematea

Saio hauetan parte hartu nahi duten herritar zein bisitariek aldez aurretik eman beharko dute izena. Erreserbak egiteko nahiz informazio gehiago jasotzeko Luis Mariano plazan dagoen Irungo Turismo Bulegora gerturatu daiteke edo 943 02 07 32 telefono zenbakira deitu. Oiasso Museoak kudeatutako erromatar ibilbide zein Irugurutzetako bisiten kasuan, erreserbak 943 63 93 53 telefonoaren bidez ere bideratu daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude