
Irungo Kale Nagusiak San Ramon eguneko egitarauren eszenatoki izango da datorren astelehenean, abuztuak 31. Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak, Trikuharri elkarteak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako eguna goizeko 9:00etan abiatuko da, Peña Poteo Txarangak eskainitako dianaren bidez.
Ondoren, 11:00etan meza nagusia egingo da Karrika Nagusiko 24. zenbakian (liburutegi zaharrean), eta 11:45ean santuaren jaitsiera ospatuko da txarangaren doinuekin. Goiza borobiltzeko, Atzokoak abesbatzak kantu emanaldia eskainiko du 12:15ean, eta 12:30ean salda dastaketa egingo da Bar Manolo tabernan, Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartearen eskutik.
Arratsaldeko giroak 18:00etan hartuko du berriz ere indarra Peña Poteo Txarangaren musikarekin, 20:00ak arte luzatuko den saioan. Ordu berean, haurrentzako ekintzak hasiko dira Trikuharri elkartearen eskutik 18:30ean. Bestalde, 18:15etik 18:45era espartina jaurtiketarako izen-ematea irekiko da Foru Kalea 1ean, euro bateko prezioan. Jaurtiketa lehiaketa bi txandatan egingo da: lehena 19:00etan izango da 14 urte arteko haurrentzat, eta bigarrena 19:30ean 15 urtetik gorakoentzat.
Jaiari amaiera emateko, dantzaldia antolatu dute Onddar 2 Events taldearen eskutik, 20:30etik aurrera. Gauerdian, 23:55ean, San Ramon festei bukaera emango zaie ohiko jaitsierarekin eta azken abestiarekin.



