‘Bidasoa Zurekin’ zaintza-sareak jendaurreko aurkezpena egingo du ostegunean Palmera Monteron

Datorren ostegunean, irailak 24, ‘Bidasoa Zurekin’ herritarren mugimenduak bere jendaurreko aurkezpen ofiziala egingo du eta ikasturte berrirako prestatu dituen jarduerak jakinaraziko ditu. Hitzordua Palmera Montero Guneko 5. aretoan izango da. Dagoeneko bazkide diren pertsonei zein parte hartu nahi duten kide berriei 17:30erako egin zaie deialdia, Bidasoako Zaintza Sarea elkarlanean osatzen jarraitzeko. Ondoren, 18:00etan, herritar guztiei irekitako saio nagusia abiatuko da.

Bidasoa Zurekin‘ egitasmoak Irun, Hendaia eta Hondarribiko eremuak hartzen ditu barne, Bidasoaldean Komunitate Errukitsua bultzatzeko xedez. Elkarteak topaketarako, lankidetzarako zein komunitate-ekintzarako gune izatea du helburu, norbanakoen, elkarteen eta erakundeen arteko loturak sendotuz lurralde gizatiarrago eta zaintzaileago bat eraikitzeko.

Saioan, orain arte egindako ibilbidea azaltzeaz gain, datozen hilabeteetan eskualdeko hainbat auzotan martxan jarriko diren proposamenak zein jarduerak ezagutaraziko dira. Sarrera doakoa izango da. Elkartetik bertaratzea baieztatzea eskatu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude