Asun Casasolari buruzko liburuaren 300 ale banatuko ditu Irungo Udalak 

Irungo Udalak “Por todas. Asun Casasola, activista contra la violencia sexual” liburuaren 300 ale erosi ditu, hiriko hainbat talde eta gunetara helarazteko. Lupe Calvo Elizazu kazetariak idatzi du argitalpena, eta Nevenka Fernándezek egin du hitzaurrea. Udalak azaroan zehar banatuko ditu aleak Irungo ikastetxeen, gizarte-entitateen, emakume-elkarteen eta liburutegien artean. Ekimen honen helburu nagusia argitalpenari ahalik eta zabalkunde handiena ematea da, Asun Casasolaren memoriari eta indarkeria matxistaren kontrako konpromisoari bizirik eusten laguntzeko.

Cristina Laborda Irungo alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu du, Asun Casasolaren historia eta borroka hiriaren parte direla azpimarratuz: «Bertatik bertara bizi izan ditugu: lehenbizi, Nagoreren hilketak eragindako mina eta, ondoren, Asunen konpromiso eta borroka irmoa. Asunen esperientziak bihotza ukitzen digu, bete-betean, eta, gertutasun horrengatik hain zuzen ere, iruditzen zaigu haren mezuak are inpaktu handiagoa izan dezakeela herritarrengan. Erakundeok berdintasuna sustatzeko eta gizartean indarkeria matxistarik izan ez dadin defendatzeko ardura dugu, eta liburu hau bide horretan aurrera egiteko sentsibilizazio tresna egokia dela uste dugu».

Era berean, banaketa honen bidez Udalak aitortza eta esker ona adierazi nahi izan dizkio Lupe Calvo kazetariari egindako dokumentazio- eta ikerketa-lanagatik, bai eta indarkeria sexualaren aurkako borrokari eta Casasolaren ondarea zabaltzeari egindako ekarpenagatik ere. Liburuak Asun Casasolak indarkeria sexualaren kontra egindako ibilbidea jasotzen du; bere alaba Nagore Laffage hil zutenean abiatu zuen konpromiso hori, eta harrezkero duintasunaren eta emakumeen eskubideen defentsaren erreferente bilakatu da. Horrez gain, argitalpenak Nagore Laffageren memoria bizirik iraunarazten eta hari gertatutakoa ezagutarazten laguntzen du.

Irunero aldizkariaren abenduko zenbakian liburuaren idazleari egindako elkarrizketa irakurri ahalko duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude