Arte martzialek uste baino onura gehiago ezkutatzen dituzte

Aratz Garmendiak arte martzial mistoak praktikatzen ditu. Gainera, haur eta helduen irakaslea da, baita ikusmen arazoak dituzten ikasleena ere. Aitziber Gelbenzuk, berriz, judoa praktikatzen du. Biek arte martzialen munduan nola hasi ziren azaldu dute. Bikoteak arte martzialekin loturiko uste okerrak ezeztatu ditu.

Nola hasi zineten arte martzialen mundu honetan?
Aitziber: Ni txikitan hasi nintzen, hau da, 6 urte nituenean. Nire lagun bat judoa egiten hasi zen eta berarekin batera kirol honetan hastea erabaki nuen. Berak ostean judoa utzi bazuen ere, nik bide horretan jarraitu nuen eta honaino iritsi naiz.

Aratz: Nik hiru urte nituela gurasoek karatera apuntatu ninduten. Hemezortzi urteak bete nituenean gerriko beltza atera nuen. Unibertsitatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egin nuen eta orduan judora pasa nintzen. Judoan bost edo sei urte eman nituen eta gerriko beltza atera nuen berriro. Bilbora bueltatzerakoan jiu jitsu brasildarra praktikatzen hasi nintzen. Egun batean txapelketa baten ostean proposatu zidaten gaubeletan borrokatzea. Nik hasieran ez nekien zer zen hori, baina gau bakoitzean borroka bakarra egitean datza, baina araudi gogorrago batekin. Esperimentatzea erabaki nuen, ondo atera zen eta gaur egun horrela irabazten dut bizitzeko dirua.

Zerk erakarri zintuzten arte martzialen mundutik?
Aitziber: Nire ustez baloreak eta kirol honen bitartez ikasten duzun guztia. Teknika bereziak eta borrokan egiten ikasteaz gainera, beste hainbat gauza ikasten dituzu. Atzetik dagoen guzti hori da gehien erakartzen gaituena.

Aratz: Nik ere berdin pentsatzen dut. Hasiera batean agian kirola egiten hasten zara sasoian egoteko edo autodefentsa apur bat ikasteko. Gehien erakartzen nauena da arte martzialekin loturiko baloreak eta printzipioak ikastea eta erakustea.

Kanpotik ikusita arte martzialak kirol bortitza direla dirudite, indarkeriarekin loturikoak. Errealitatea guztiz bestelakoa da, ezta?
Aratz: Orain nire aurpegia ikusita ez dirudi oso sinesgarria denik jarraian esango dudana, baina horrela da. Kirol olinpikoak dira, beraz, ezinezkoa da kirol olinpikoak izanda gehiegizko indarkeria edo bortizkeria eskatzen duen ekintza bat izatea. Olinpiadetan aurkituko dituzu besteak beste borroka librea, judoa, taekwondoa eta boxeoa. Azken jokoetan gainera karatea ere izan zen. Banaka ikusita jada ez duzu ezer arraroa ikusten eta, gainera, denak elkarrekin ikusiz gero, are gutxiago.

Kirolaz bizi zarete edo bestelako lanbideak dauzkazue?
Aratz: Kirolaz gain, nik arte martzialetako gimnasio misto bat ere badaukat Bilbon eta Errenteriako Kenthai gimnasioan eskolak ematen ditut.

Aitziber: Nik bere entrenamenduetan laguntzen diot, baina ospitalean lan egiten dut.

Aratz zuk, gainera, ikusmen arazoak dauzkaten pertsonekin lan egiten duzu. Nolakoa da beraiekin lan egitea?
Aratz: Bai, lan egiten dut ONCEn eta Euskal Herrian ikusmen urritasuna duten pertsonekin. Izan ere, Euskal Herriko Itsuen Judo Selekzioko arduraduna naiz. Gainontzeko kirolariekin alderatuta, ez dago desberdintasun handirik. Batzuk ikusmen murriztua dute. Besteek, aldiz, ez dute ezer ikusten. Arazoak bakoitzaren buruan daude, baina entrenamenduetan ez da ezer nabaritzen.

Nolakoa da arte martzialetan dabiltzan kirolarien egunerokoa?
Aratz: Nik txapelketa eta entrenamenduen arabera antolatzen dut nire bizitza eta Aitziberrek horretan asko laguntzen nau. Adibidez, orain, asteartea izanik, ostiral honetarako lau kilo galdu behar ditut, beraz, nola edo hala, zeharka bada ere, berari eragiten dion zerbait da. Beraz, garaipenak iristen direnean partekatuak dira, bionak dira.

Txapelketak hurbiltzen direnean entrenamenduak gogortzen dira?
Aratz: Bai. Esaterako, txapelketa honetarako guztira 12 kilo galdu behar izan ditut eta txapelketa aurreko egunean deshidratazioa egiten dugu. Horregatik, azken egun hauetan entrenamenduak ez dira hain gogorrak, garrantzitsuena beharrezko pisuan egotea da. Borrokaldiaren aurreko 8 edo 10 egunak bai txapelketan zentratuta daudela eta orduan egunero 2 edo 3 entrenamendu egin ohi ditut.

Ez du erraza izan behar kirol erritmo horri eustea, ezta?
Aratz: Ezagutzen ez duen norbaitentzat gogorra izan behar du, baina ni ohituta nago nire bizitza delako. Beraz, ez zait gogorregia iruditzen.

Nola aurreikusten duzue asteburu honetako borroka?
Aratz: Uste dut borrokaldi interesgarria izango dela. Oso borroka estilo ezberdinak dauzkagun borrokalariak gara. Hortaz, borrokaldiak duen garapenaren arabera garaipena baten edo bestearen alde egongo da.

Aitziber: Ilusio handiz espero dugu txapelketa. Nik oraindik ez dut txapelketan parte hartzeko asmorik, Aratzek horretara animatzen nauen arren. Hala ere, entrenatzen jarraituko dut.

Jendea arte martzialak probatzera animatuko zenukete?
Aratz: Arte martzialen praktika onuragarria da bai umeentzako zein helduentzako. Ez soilik fisikoki indarrarekin, abiadurarekin edo erresistentziarekin loturik, bestelako trebetasunak ere eragiten ditu arte martzialen praktikak. Esaterako, oreka, kontzentrazioa eta fintasuna hobetzen laguntzen dute.

 

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude