
Amaitu dira probak Txingudi Errugbi Klubarentzat, bere bi senior taldeak igandean hasiko baitira lehian etxetik urrun. Emakumezkoen taldeak bere lehenengo partida ofiziala jokatuko du Zornotzan Elorrio/Urgozo taldearen aurka, Larrea kiroldegian 11:00etatik aurrera. Bizkaitarrak pasa den denboraldian egin zuten debuta eta hirugarren sailkatu ziren Euskal ligako bigarren mailan, hortaz ez dira aurkari erraza izango Asier Gonzálezen jokalarientzat. Txingudi baja gutxirekin eta gogoz iristen da lehenengo erronka honetara.
Plaiaunditik kanpo ere, mutilek Iruñan hasiko dute beraien norgehiagoka La Unicaren bigarren taldearen aurka. Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian, 11:30etik aurrera. Talde iruindarra urtez urte berritzen da gazte mailetatik iristen zaizkion jokalariekin, hortaz, pasa den urtean ligako azken sailkatua izan bazen ere, Camareroren mutilei lehia gogorra eskainiko dietela dirudi.
Gazte mailetan, 18 urte azpikoek Plaiaundin Gernika jasoko dute larunbatean, 11:30etan eta 16 urte azpikoek atsedenaldia izango dute.
14 urte azpiko kategorian, aldiz, Gipuzkoako zazpiko errugbiko txapelketa etxean hasiko dute larunbatean 9:30ean. Txingudik bi talde zelairatuko ditu lehiaketa honetan eta Bera Beraren eta Hernani/Atletikoren beste bina talde izango ditu aurrean.
Errugbi eskolen topaketa
Asteburua borobiltzeko, igandean, Hondarribiko hondartza denboraldi honetako Gipuzkoako errugbi eskolen lehenengo topaketaren egoitza izango da. Lurralde osoko, Errioxako, Arabako eta Nafarroako hamaika talde bertaratuko dira igande goizean. Guztira, 10 eta 12 urte azpiko mailetako 400 haur inguru bilduko dira.
Euskadiren deialdian berriz ere
Aritz Arrieta Euskadiko 16 urte azpiko selekzioak egindako deialdi berriaren zerrendan dago. Selekzioak aurten egindako laugarren topaketa da hau.



