Asteburuan zehar terma erromatarrak doan bisitatzeko gonbidapena eskatzea beharrezkoa da

Ostiralean, apirilaren 11n, inauguratuko dituzte Irunen terma erromatarrak. 1996an aurkituak izan ziren eta aurrerantzean Oiasso Museoko eskaintza kulturala osatuko dute. Termen inaugurazioa ekitaldi instituzional batekin egingo da. Ondoren, asteburu osoan zehar bisita gidatuak eskainiko dira, doan, baina museoaren webgunean gonbidapena eskatuz.

Inaugurazio ekitaldian Honako hauek parte hartuko dute inaugurazioan: Irungo alkate Cristina Labordak; Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok; Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko diputatu Goizane Álvarezek; eta Jaime Rodríguez Salís irundarraren familiak, hura Arkeolan Fundazioaren sortzailea eta Oiasso Museoaren sustatzailea izan zen aldetik. Inaugurazio ekitaldian bisita gidatu bat izango da Oiasso Museoa handituko duen espazio berriran zehar, non aztarna arkeologikoak bisitatu ahalko dira.

Inaugurazioaren ondoren, asteburu osoan, bertaratzen diren guztiei ere eskainiko zaizkie bisita gidatuak, doan; hori bai, bisitariek txartela atera beharko dute aurrez, Museoaren webgunean. Hala nola, aipagarria da hiriko elkarte ezberdinek termetara bisita gidatu bat egiteko aukera izango dutela hurrengo larunbatean, hilaren 12.

Termak, ageriko altxorra

Oiassoko terma erromatarrak berreskuratzeko, guztira, 3.500.000 euroko aurrekontua jarri da, eta 2.000.000 euro Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kontura jaso dira, Europar Batasunaren eskutik, NextGenerationEU funtsen bidez, Euskadiko Jasangarritasun Turistikorako Lurralde Planaren proiektuaren esparruan. Proiektuaren oinarria Museoaren egungo eraikina ondoko partzelara hedatzea izan da, termen partzelara, eta, horretarako, Museoko ibilbidea hondakin arkeologikoen gainetik luzatzeko eremu berri bat eraiki da. Horrela, pasarela metaliko arin obalatu bat instalatu da aztarnen gainean.

Gainera, Museoa digitalizatu da, eta Irun helmuga turistiko adimenduna bihurtzeko beste neurri batzuk hartu dira digitalizazioaren, seinaleen, komunikazioaren eta irisgarritasunaren esparruan.

Ibilbide berria egungo eraikinaren atzeko irteeratik abiatzen da: egungo eraikina eta berria lotzen ditu, eta Junkal parrokia  behatzeko plataforma bat da. Era berean, badira aztarnei begiratzeko plataforma zentral bat eta plaza berria eta Sarasate karrika lotzeko beste pasarela bat. Bestalde, eraikin berriak beirate handiak ditu, bisitariek aztarnak haratago hedatzen direla ikusteko.

Zentzu horretan, Irungo Udalak irmo eusten dio hiriko ondare historikoa mantendu, berreskuratu eta balioan jartzeko apustuari. Estrategia hori 2017an jarri zen martxan, Abenida zubia berritzeko lanekin, eta gaur egun abiadura hartuta dago zenbait proiekturekin, hala nola Irugurutzetako labeena. Meatze-inguruaren birgaitzea ezinbesteko jarduera da hiriaren ondare historikoaren balioa zabaltzeko. Aurrerabide handiak egiten ari dira, eta 2026an irekiko da.

Hiriko ondare-balioa goresteko helburuarekin, berreskuratze ekintza guztiek Iruni jauzi kualitatibo bat emateko aukera eman dio, ondarearen altxorrak mantendu eta berreskuratzeko ahalegina egiteari esker. Horren erakusgarri dira Ama Xantalen ermita, Gazteluzar gaztelua edo Irugurutzeta. Azken horretan, interpretazio-zentroa hobetuko da eta irisgarriago egingo da, eta horrela eremua bisitatu nahi duten pertsona guztiek esperientzia ezin hobea izango dute.

«Paseo bat gure historian barrena»

Okasioa dela eta, Irungo Udalak kanpaina berezi bat abiarazi du hiri osoan, «paseo bat gure historian barrena» izenburupean. Horrela, hiriko faroletatik banderatxo pertsonalizatuak esekiko dira, CBAko barandan hiriaren iragan erromatarra erakusten duten irudiak jarri dira (termak berak, Ama Xantalen ermita, Irugurutzeta edo Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, besteak beste) eta publizitatea instalatu da hiriko markesinetan, guztia ere motibo erromatarrez hornituta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude