Urtarrilaren 27an, joan den asteko astelehenean Memoria Demokratikoa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiak Avenida zubia Memoria Demokratikoaren Leku deklaratzeko erabakia hartu zuen. Espedientea hasteko erabaki hori 2025eko urtarrilaren 31ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da. Larunbatean, otsaiaren 1ean, Crisitna Laborda Irungo alkateak Fernando Martínez Memoria Demokratikoko Estatu-idazkariarekin batera Avenida zubia bisitatu zuen.
Alkateak nabarmendu duenez, “ez dago zalantzarik gure enklabe mitiko hau ondarezko ondasun historikoa dela, ‘Memoria Demokratikoaren Lekua’ izateko modukoa”. Beti esaten dugu herri batek bere akatsak errepikatu ez ditzan, begirada atzera bota behar duela, eta deklarazio hau urrats handia da eginkizun hori betetzeko, gure ardura baita horren inguruan pedagogia egitea, inoiz ahaztu ez ditzagun iraganean egin ziren basakeriak, eta, zoritxarrez, Avenida zubia halako gertakarien lekuko zuzena izan zen”.
Estatu-idazkariaren arabera, “Espainiako Gobernuak Irungo Udalaren 2024ko ekainaren 14ko eskaera jaso zuen, eta Avenida zubia Memoria Demokratikoaren Leku deklaratzeko prozedura hastea erabaki du, 2022ko urriko Memoria Demokratikoaren Legeak planteatzen duen moduan”.
“Memoria Demokratikoari lotutako garrantzi historiko eta sinboliko bereziko gertaerak gertatu ziren Irungo Avenida zubian. Milaka herritar atera ziren handik Espainiako gerraren hasieran, eta diktadura frankistan, berriz: erbestea, preso-trukea, eta abar., Horregatik guztiagatik, zubi hau Memoriaren erreferente bihurtu da Espainia osoarentzat” esanez amaitu du Martínezek.
Bien agerraldiaren ostean, alkatea zein Estatu-idazkaria, ekitaldira gonbidatutako beste agintari batzuekin batera, Etorbidearen zubiaren oroitzapenak gordetzen dituen Bidasoko Interpretazio Zentrora joan ziren, ekitaldira agertu diren hiriko elkarte memorialistekin batera.
Zubi historikoa
Avenida zubia duela 100 urte baino gehiago eraiki zen, Irun eta Hendaia arteko komunikazioa hobetzeko, eta askatasunaren atea bilakatu zen 1936ko estatu-kolpearen basakeriatik ihesi zihoazenentzat: han hasi zuten erbesteratu ugarik indar frankistengandik ihes egiteko ibilbide latza, eta milaka eta milaka irundarrek ere zubia gurutzatuta hasi zuten askatasunerako bidea 1936ko irailaren 4an hiria suntsitu zuen sutetik ihesi.
Era berean, azpimarratu behar da 112 metro luze den mugako pasabide hori 2020an zaharberritu zela bi milioi euro pasatxoan. Lan horietan, zubiaren egitura metalikoaren elementuak zaharberritu ziren, eta hondatuen zeuden piezak ordeztu ziren



