Bidasoako Itaiak hitzaldia eta mobilizazioa antolatu ditu martxoaren 8aren harira

Bidasoako Itaiak hitzaldia eta mobilizazioa antolatu ditu 2021eko martxoaren 8aren harira. Hitzaldian “emakume langileon ardura izatetik, asistentzia lanen sozializaziora” gaia jorratuko dute. Hitzaldia martxoaren 6an, larunbatean, egingo da arratsaldeko 17:30tan Palmera Montero gunean. Kontzentrazioa berriz, martxoaren 8an, astelehena arratsaldeko 18:00etan egingo da Epaitegietan, hau da, Jose Ramon Amunarriz plazan.

Honekin batera, Bidasoako Itaiak elkarteak martxoaren 8aren inguruan idatzitako irakurketa zabaldu du:

Egun garrantzitsua delarik ate-joka daukagun Martxoak 8a, beste behin ere beharrezkoa iruditzen zaigu Itaiako kideoi emakume langileok egunerokotasunean pairatzen dugun miseriaren aurkako salaketa lehen lerroan ipintzea. Honela, ulertu beharra dago bizi eredu konkretu hau errealitate sozialaren ondorio dela, errealitate hau klaseetan banaturiko gizartea izanik eta beraz, kapital metaketari azpiratua geratzen den zapalkuntza izanik generoarena.

Sistema honen garapenarekin, hasiera batean ekoizpen sozialetik at geratu zen emakume langilea, deborarekin lan merkatuan txertatua izan da. Baina honek gure emantzipazio orokorra suposatzeaz urrun, zapalkuntza bere horretan mantentzen du, soilik forma aldatuz. Hala ere, emakume langilea bere zapaldu egoeraz jabetzea ahalbidetu dio ekoizpen sozialean parte hartze honek. Honen aurrean, kapitalismoak behar bat garatu du bere interesak eta bere boterea kolokan jarri ahal duen masa mugimendu oro kontrolatzeko, hauek Estatuaren logikara integratuz. Honen izenean egiten diren saiakerek ez dute inondik inora emakume langileon zapalkuntza gainditzeko borondaterik, eta aurpegi zuriketa besterik ez ziren izango hauek zabaltzen dituzten posizio zein aldarriak.

Laburbilduz, emakume proletarizatuenen bizi eredua, ekoizpen eredu kapitalistan, lan harreman penagarriek eta familiako lan kargak definitzen dute, beti ere krisiaren ondorio izango diren bizi baldintzen kaskartzea gehituz. Egoera honen aurrean  urgentziazkoa ikusten dugu emakume langileon interesak oinarri hartuko dituen proposamena garatzea, klase jabedunarenak alboratuz eta unibertsaltasunaren printzipioa oinarri gisa edukiko duena. Honetarako, ezinbestekoa da emakume langileak subjektu iraultzailearen oinarrizko parte gisa jardungo  duten militante aktibo izatea. Era berean, lanean jarraitu beharra dugu, ez soilik lege burgesa borrokatzeko, baizik eta emakume langileon elkartasuna eraiki, gure lan zein bizi baldintzak hobetu eta gaitasun politiko garatzeko. Horregatik dei egiten dugu gure mobilizazioan parte hartzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude