Bidasoko suhiltzaileek eta Hendaiako suhiltzaile-etxeak senidetze ekitaldi ofiziala egin dute gaur goizean Irunen kokatutako Bidasoko suhiltzaile-etxean. Hitzordu instituzionalari ekin baino lehen, bi aldeetako suhiltzaileek erakustaldi eta maniobra bateratu bat burutu dute eraikinaren kanpoaldean, goizeko 10:45ean hasita. Mugaz gaindiko lankidetza hau bultzatzeko ekitaldian parte hartu dute Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak eta Jean-Pierre Mirande Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak, beste hainbat ordezkari publiko, agintari eta suhiltzailerekin batera.
Gaur formalizatutako akordio honek bi zerbitzuek 2018tik etengabe garatzen ari diren lankidetza operatiboa sendotu eta egituratzen du. Izan ere, urte horretatik ALERT proiektu europarraren esparruan elkarlanean aritu dira substantzia kimikoen istripuen, hiri eta baso suteen edo erreskateen aurrean. Bi suhiltzaile-etxeak distantzia oso txikira daude, populazio dentsitate handiko eremu batean, eta azpiegitura estrategikoz inguratuta (Europako garraio ardatza, trenbide sarea, aireportua eta industria zein landa eremuak), eta testuinguru horrek errealitate partekatu bati erantzuteko urrats berri hau ematea eskatzen zuen.
Sinatutako hitzarmenak esparru egonkor bat ezartzen du prestakuntza bateratuak garatzeko eta jarduerak koordinatzeko, Hendaia, Biriatu, Urruña, Irun eta Hondarribiko udalerriei zuzenduta. Konpromiso zehatzen artean, gutxienez urtean bi topaketa egingo dituzte arrisku-eremuak eta azpiegitura arriskutsuak identifikatzeko. Gainera, maniobrak eta ariketa bateratuak sei hilean behin antolatuko dituzte, bi parkeen artean txandakatuz. Ekitaldian, Irune Berasaluzek azpimarratu du senidetze hau etorkizunera proiektatzen den harreman finkatu baten emaitza dela , erantzuteko gaitasuna indartzen duena eta herritarren babesa hobetuz Euroeskualdeari benetako edukia ematen diona.
Mugaz gaindiko elkarlan erreal honen erakustaldia amaituta, 11:30etik aurrera ekitaldi instituzionalari bidea ireki zaio. Bertan, bi zerbitzuen ardura duten ordezkari politikoek hitza hartu dute senidetze akordio historiko honen garrantzia azpimarratzeko. Ekitaldiari amaiera emateko, elkarlana baliozkotu duen dokumentuaren sinadura ofiziala gauzatu dute.
Sinadura eta erakustaldia
Simulaziorako aukeratutako eszenatokia trafiko-istripu konplexu bat izan da, ohiko auto-istripu baten ezaugarriak zituena baina arrisku teknologiko gehigarri batekin larritua: material arriskutsuak daramatzan garraio astun baten eta beste hiru ibilgailuen arteko talka irudikatu dute. Kamioiak zeraman produktu kimikoa korrosiboa zen eta, edukiontzia kaltetuta egotearen ondorioz, substantzia jariatzen hasi da. Likido korrosibo honek zuzeneko arriskuan jarri du bertako biktimen zein esku-hartzean ari ziren profesionalen segurtasuna, eta, ondorioz, larrialdiari erantzuteko baliabide kopurua eta koordinazioa asko handitu behar izan dira.
Irunen gertatutako ezbeharra izanik, Bidasoa parkeko suhiltzaileak izan dira bertaratzen lehenak, eta handik gutxira, 6-7 kilometrotara dagoen Hendaiako suhiltzaile-etxeko kideak batu zaizkie laguntzera. Gaurko simulakroari esker, bertatik bertara ikusi ahal izan da akordio honen berebiziko garrantzia. Era berean, nabarmendu da horrelako ekimenek Euroeskualdeari benetako edukia ematen laguntzen dutela, zerbitzu publikoen eguneroko lanean oinarritutako lankidetza praktiko baten bidez, pertsonen bizitzan eragin zuzena izanik.



