Dokumentala eta ipuin lehiaketako sari banaketa Emakume Langileen Eguna ospatzeko

Martxoaren 8an ospatzen den Emakume Langileen Eguna hurbiltzen ari da. Parean eta Asun Casasola Berdintasunaren aldeko elkarteek egitarau zabala prestatu dute hurrengo asterako. Hain zuzen ere, martxoaren 5ean dokumentalaren aurkezpena egingo dute CBAn eta martxoaren 7an Asun Casasola Ipuin Lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Dokumentalaren aurkezpena

Datorren asteartean, martxoaren 5ean, Irungo CBA liburutegiarekin elkarlanean “Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu” dokumentala aurkeztu da arratsaldeko 19.00tan. Haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen aztertzen duen dokumentala da.

Liburutegietan haurren esku dauden liburuak aztertzeko zenbait ikerketen berri ematen da dokumentalean eta gaiaren inguruan aritu eta aditu diren Lur Gallastegi idazlearekin, Ainara Azpiazu ilustratzailearekin, Pamiela Kalandrakako Carmen Elvirarekin edota Garoa liburu dendarekin hitz egin dute dokumentalaren egileek, besteen artean.Dokumentala Durangoko Azokan aurkeztu zen eta asteartean Irunen bertan ikusteko aukera izango da.

Ipuin lehiaketaren sari banaketa

Martxoaren 7an, ostegunean, IX. Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sari banaketa egingo da Peña Kaleko Kabigorri Ateneoan. Aurtengo ipuin lehiaketan 315 lan jaso dira eta emakumeak izan dira idazleen %65. Jatorri anitzetatik jaso dituzte ipuinak, Euskal Herritik eta Estatu espainoletik gehiengoak, baina baita Hego Ameriketako txoko desberdinetatik ere.

Antolatzaileek “eskerrik beroenak” eman dizkiete parte hartzaile guztiei, baita euren ekarpena egiten duten eskolei zein Irungo AEK euskaltegiari ere, haien ateak ireki eta egitasmoan parte hartzeagatik.

Sari banaketa ekitaldian jakinaraziko da zeintzuk izan diren aurtengo irabazleak. Era berean, ekitaldian ipuin irabazleak irakurtzeko eskualdeko kazetariak izango ditugu bidelagun. Hala nola Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta Maria Lui Garcia kazetariak. Urtero bezala, Maite Elizondoren arpa doinuekin gozatu ahalko da eta noski, Asun Casasola ere han izango da ekitaldiaz gozatzen. Bukatzerakoan luntx bat ere egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude