
Argazkia: Estudio Gover.
71 minutu, bi data eta ibai bat. “Bidasoa 2018-2023” dokumentalak migratzaileek Europarako bidean Bidasoa ibaiaren gaineko muga zeharkatzeko dituzten zailtasunak islatzen ditu. Dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu da eta urriaren 20an zinema aretoetara iritsiko da. Fermin Muguruza, dokumentaleko zuzendariak eta gidoigileak, lan honen zergatia eta helburuak azaldu ditu, bidegabeko egoera honi amaiera emateko helburuarekin.
Migratzaileek Bidasoa ibaiaren muga zeharkatzeko aurkitzen dituzten zailtasunen isla zuzena da Avenida zubia, ezta?
Bai. Nik uste dut horrelako dokumentuak utzi behar ditugula gerora ere denok kontura gaitezen zein motako injustizia eraikitzen ari diren. Latzena da jada hemen izan ditugun 10 hildakoez gain, zein motatako errepresio arrazista eta kontrol benetan bidegabea ezartzen ari diren. Horregatik, garrantzitsua da gaur hemen gu biok egotea eta atzeko aldean ikustea nola dagoen dena hesiz itxita. Eta ez hori bakarrik, atzean ikusten den furgoneta hori kamuflatua dago, baina poliziarena da. Nik uste dut oso umiliagarria dela denontzako hemen gertatzen ari dena, injustua izateaz gain oraindik muga hori hor jartzea. Gainera beste gauza bat gehitu nahiko nuke. Etengabean hemen Hendaia, Irun, Hondarribia eta Bidasoko herrialdekook esaten dugu honek bukatu egin behar duela, muga honek irekita egon behar duela. Hemen Tourraren egunean egin zigutena iseka egitea da. Bi alkateak, Hendaiakoa eta Irungoa, etortzea ona ospatzera behingoz muga irekita zegoela eta hurrengo egunean ixtea, ezin da horrela geratu, baina hor gelditu dira hesiak.
“Hori eginez gizakiak direla eta denok gizakiak garela erakusten saiatu gara”

Testuinguru harrigarria da, batez ere, 2023. urtean. Hortik sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Bai, muga ixtearena gerora etorri zen. Dokumentala egitea pentsatzen hasi nintzenean oraindik “Black is Beltza II: Ainhoa” bukatzen ari ginen eta momentu horretan lanez lepo genbiltzan. Une horretan elkartzeko genituen une bakarrak ibaiaren ertzean edo San Juan plazan protesta egiteko ziren, beste migrante bat hilda azaldu zelako hemen Bidasoan. Inpotentzia handiz elkartzen ginen geure buruari galdetuz egoera horren aurrean zer egin genezakeen. Hortik hilabete batera edo bi hilabetera beste bat eta beste bat agertu ziren hilda. Ziburun ere trenak beste hiru harrapatu zituen.
Pelikula guzti honen erdian etengabe horrelako ezbeharrak gertatzen zirela esan dezakegu. Tragedia horrek asko hunkitu gintuen. Buruan eta bihotzean etengabe bueltaka genuen hemen gertatzen ari zenaren zarata hori. Horregatik, Black is Beltza proiektuaren azken filma aurkeztu bezain laster, Belodromoan sekulako aurkezpena egin eta Iñigo anaiari dedikatu ostean, bi aukera geneuzkan. Hau da, pelikula aurkeztu ostean egin behar genuen bira osoa bukatu eta gero hastea dokumental hau prestatzen edo pelikula aurkezten genuen bitartean saiatzea grabaketak egiten, edizioa aurreratzen eta dokumentazioa biltzen. Nik nahiago izan nuen berehala lanean hastea. Azkenean, iaz “Black is Beltza II: Ainhoa” aurkeztu ostean, orain Bidasoa 2018-2023 aurkeztuko dugu. Pozik nago lortu ahal izan dugulako, hau orain kontatu behar genuenaren sentsazioa genuelako eta edozein egunetan beste ezbeharren bat gerta daitekeelako.
“Hildakoei izen-abizenak jarri behar zaizkie edo zeintzuk ziren kontatu behar da, bestela zifra hotzak eta hutsak baino ez dira izango”
Esan dezakegu 2018-2023 urteen arteko epeak egun oraindik Bidasoan errealitate bat den egoera islatzen duela, ezta?
Bai, horrela mugatu nahi izan dugu 2018an hasi zelako estatu frantsesa hau dena kontrolatzen eta mugak ixten. Gero neurriak gogortu egin ziren eta mugan kontrol iraunkorrak izan genituen Avenida, Santiago eta Behobiako zubietan, Endarlatsaraino. Muga erabat kontrolatuta zegoen. Orain egoera malgutu egin dela ematen du, baina polizia guztiak hor daude kontrolatzen. Lehen polizia frantsesa zela esaten genuen, baina gero ere jakin genuen polizia espainolaren kolaborazio erabatekoa izan zutela eta migratzaileak ehizatzearen truke neurri onuragarriak izaten zituztela. Dena eskandaluzkoa da.
Guk dokumentala 2023ra mugatu nahi izan dugu orain arte hil direnei egindako omenaldia ixteko. Hala ere, horrekin ez dugu esan nahi istorio hau guztia hemen amaitzen denik, baizik eta bi urte horien arteko denboran gertatutakoaz hitz egiten dugula. Argi dugu berriro ezbeharren bat gertatzeko aukera dagoela eta bitartean poliziek hor jarraitzen dute, ehizatzen eta jazartzen, kontrol erabat arrazistak eginez, inolako justifikaziorik gabe, migranteei muga zeharkatzen ez uzteko helburu bakarrarekin.
Testigantzak biltzeko garaian lagungarria izan al zaizue egunero migratzaileekin lan egiten duten Irungo Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin bezalako elkarteen lankidetza?
Dudarik gabe. Gertatzen dena da, kazetariek egiten duten dokumental eta erreportajeetatik ezberdindu nahi izan naizela. Guk sorkuntza dokumentala izenez ezagutzen dena egin nahi izan dugu, gaia beste ikuspegi batetik lantzeko. Hemen gertatzen ari zena beste era batera kontatu behar genuela pentsatu nuen eta, hain zuzen ere, hortik dator sorkuntza dokumental izena eta zinemaldietan sail horretan kokatzen dituzte horrelako ekoizpenak. Istorioa kontatzeko protagonista batzuk hartzea erabaki nuen. Zalantzarik gabe, Irungo Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek proiektuan egon behar zuten.
“Egondako tokietan gai hau aipatzen nuenean inork ez zekien ezer honi buruz”

Horretaz gain, beste hiru protagonista nituen aukeran. Lehena, Gari Garaialde, migranteek muga zeharkatzeko dituzten zailtasunak eta haien sufrimendua erretratatzen jakin duena. Bere lana zein izan den eta kazetaritza lan hori egiten zergatik inplikatu zen hainbeste kontatzea nahi izan dut. Bigarrena, Essoh Roméo da, Boli Kostatik etorri zena eta hemen manifestazio batean ezagutu nuena. Bere istorioa kontatu zidan, musika asko gustatzen zaiolako. Hemendik igaro den migratzaile bakoitzaren istorioa hartu eta ziur bakoitzarekin dokumental bat egin ahal izango genukeela. Essoh Roméori ia bost urte kostatu zitzaion honaino iristea. Gainera bi aldiz itzuli zuten beroan gendarmeek. Irunen maitemindu egin zen, lana lortu du eta ume bat dauka. Horrela, mezu positibo bat ere zabaldu nahi izan dugu, egoera latza izan arren, tartean gauza politak gertatzen direla erakusteko. Gure etorkizuneko gizartea horrelakoa izango da: askotarikoa, multietnikoa eta multikulturala. Roméok hori guztia islatzen du bere bizitzako injustizia guztiak kontatuz, baina Bidasoan bere tokia topatu du. Azkenik, Pilar Osa, “Janela” dugu, Gineatik etorritako neska bat eta bulling-a jasan zuena eskolan. Dantzaren eta musikaren bidez ahaldundu egin da eta, beraz, zerbait positiboa ere erakusten du orain. Horiek dira protagonistak eta baita dokumentalaren hari narratiboa ere, Amets San Millán, beste lagun handi bat; bere ama Dominikar Errepublikatik etorri zen. Dokumentalean bera bizikletaz bide berdea egiten ikusiko dugu eta istorio guztia josteaz arduratuko da bere esperientzia kontatuz.
Beraz, kazetaritza erreportajea izan ordez, beste motako dokumental bat da. Gainera, hildako bakoitzaren ibilbidea gogoratzeko animazioa erabili dugu. Asko gustatzen zaidan beste gauza bat da Bidasoaldeko musikariok dokumental honi musika jarri nahi izan diogula. Horrela, Berako Petti, Oronoz-Mugaireko Olaia Inziarte, Willis Drummond, Odei raperoa, Bad Sound System, Eneritz Furyak eta nire musika ere azalduko da. Hori da, Pio Barojak esaten zuen bezala, Bidasoko Errepublikako musikariak batu gara eta pieza musikalak dokumental osoan zehar ageri dira.
Dokumentalean hildakoak aipatzea, omenaldia izateaz gain, tragedia gizatiartzeko modua izan da zure ustez?
Hori urte hauetan guztietan guztiok eta nik neuk dokumental hau egitean ikasi dudan gauza bat da. Elkartasuna jorratzen dutenek hori azpimarratzen dute. Hildakoei izen-abizenak jarri behar zaizkie edo zeintzuk ziren kontatu behar da, bestela zifra hotzak eta hutsak baino ez dira izango. Horregatik dokumentaleko protagonistekin eta migranteekin lan egiten duten elkarteekin elkartzea garrantzitsua izan da, beraien testigantzei garrantzia eman diegulako. Bestetik, dokumentala osatzeko lortu dugun dokumentazioa ere ezinbestekoa izan da. Hemen inguruan gai honekiko elkartasun handia egon dela ikasi dugu, batzuetan isilpean eta zaratarik gabe. Uste dut harro egon gaitezkeela Hendaian, Hondarribian, Irunen, eta baita Urruñan ere, Behobiako zubian Urruñarekin egiten baitugu muga, laguntzeko inplikatu den eta bere elkartasuna adierazi duen jende guztiaz. Horretaz gain, samurtasuna ere eskaini diegu, etorkinentzat oso garrantzitsua dena momentu latzak bizi izan baitituzte.
“Hemen inguruan gai honekiko elkartasun handia egon dela ikasi dugu”
Migrante batzuk hemen geratu ziren eta guk horrenbeste maite dugun Bidasoa ibaian hartu zuten bere azken arnasa. Adibidez, dokumentalari esker hil aurretik idatzitako azken mezuak deskubritu ditugu, non gazte batek bere amari zenbat maite zuen esaten zion. Antzekoak topatu ditugu mugikorretan eta asko ukitu gaituzten gauzak aurkitu ditugu. Beraien adinaz jakin dugu, baita zein herrialdeetatik etorriak ziren. Minutu batean bakoitzaren ibilbidea laburbiltzen saiatu gara, gehigarri moduan guraso edo senideekin partekatutako mezuen zatitxo bat jartzeaz gain. Hori eginez gizakiak direla eta denok gizakiak garela erakusten saiatu gara. Izen-abizenak dituzte, zenbait herrialdetatik etorri dira eta hemen hil egin dira. Edo, hobe esanda, frantsesek inposatutako politika arrazistak hil egin ditu, gobernu espainolaren kolaborazioarekin.
Oinarrian arrazakeria duen arazo hau Donostiako Zinemaldira eraman duzu dokumental formatuan. Arazoari nazioartean oihartzuna ematen lagunduko du horrek?
Imajina ezazu mundu osoan zehar ibili naizela “Black is Beltza II: Ainhoa” aurkezten. 30 aurkezpen baino gehiago egin ditut estatu frantses zein estatu espainolean, filma Alemanian, Suitzan, Estatu Batuetan, Mexikon eta Kolonbian aurkezteaz gainera. Egondako tokietan gai hau aipatzen nuenean inork ez zekien ezer honi buruz. Esaterako, Madrilen bertan ere zerbait entzuna zutela esaten zidaten, baina ezer gutxi zekiten eta ez zuten imajinatzen hainbesterako zenik. Haiek zekitena zen baten bat ibaira bota zela eta bertan ito zela, horren guztiaren atzean dagoena imajinatu gabe. Beraz, gure beste helburu bat zen dokumentalarekin Zinemaldira iristea eta ez hastea lanean orain. Hau da hemen gertatzen ari dena kontatzeko momentua eta Zinemaldira ezbairik gabe joatea. Oso berandu iritsi ginen, baina bertan egotea lortu dugu.
“Momentuz abendura arte gelditu gabe ibiliko naiz dokumentalaren bidez jendeak jakin dezan hemen zer gertatzen ari den”

Estreinaldi mundiala Donostiako Zinemaldian egingo dugu eta horrek nazioartean emango dion oihartzun mediatikoa itzela da. Dagoeneko jendea berriro ere elkarrizketak eskatzen hasi da eta gaiarengatik interesa agertzen. Trailerra zabaldu dugu eta jende askoren arreta erakartzea lortu dugu. Bertan hildakoen aurpegien marrazkiak ageri dira, haien senide, guraso eta anai-arrebekin harremanetan jarri garelako eta horiek egin ahal izateko argazkiak lortu ditugulako. Bi minutuan haien bizitzak laburtuz eta jaiotze eta heriotza datak jarriz jende asko harrituta utzi dugu. Youtuben trailerrak 5.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu eta nire Instagram kontuan ere 25.000 ikustaldiak gainditu ditu. Horrek erakusten digu lortzen ari garela dokumentalak bilatzen ari ginen inpaktua izatea. Irailaren 28an egin dugun estreinaldiarekin sekulako oihartzuna lortu dugu, mundu guztia Zinemaldira begira dagoelako.
Urriaren 20an, berriz, zinemetan estreinatuko dugu. Dagoeneko Latinoamerikan dokumentalen inguruan dagoen festibalik handienak, DocsMX izenekoak eta Mexikon egiten denak, dokumental hau sail ofizialean lehiatzeko hautatu du. Berehala, hau guztia mugitzen hasiko gara eta Zinemaldiaren ostean, Pontevedran egiten den beste festibal batean proiektatuko da eta aurkezpenera Essoh Roméo bidaliko dugu bere bikotekidearekin batera. Ni neu ere abendura arte proiektu hau bultzatzen saiatuko naiz eta horretarako nik daukadan oihartzun mediatikoaz baliatzen. Dena den, gustatuko litzaidake dokumentaleko protagonistek dokumentala zabaltzeko aukera izatea, beraien bizipenak kontatzeko, haiek entzutea oso interesgarria eta beharrezkoa delako.
“Estreinaldi mundiala Donostiako Zinemaldian egingo dugu eta horrek nazioartean emango dion oihartzun mediatikoa itzela da”
Honen guztiaren erdian ba al duzu jada buruan beste proiekturik?
Black is Beltzaren proiektuarekin hasi ginenetik eleberri grafikoak kaleratu ditugu, Bilbon, Bartzelonan eta Donostian erakusketak antolatu ditugu, musika kaleratu dugu, bira bat egin nuen orain dela 10 urte, etab. Beraz, dena kateatzen joan zait. 2018an lehenengo pelikula kaleratu genuen eta 2022an bigarrena. Anaiaren heriotza ere tartean egon zen eta orain arte dokumental honetan zentratua egon naiz. Egia esaten badizut, 2024a niretzat arnasa hartzeko urtea izango da eta gerora begira zein egitasmotan sartuko naizen ikusteko unea izango da. Momentuz abendura arte gelditu gabe ibiliko naiz dokumentalaren bidez jendeak jakin dezan hemen zer gertatzen ari den eta injustizia hau behingoz amaitu dadin.
Fermin Muguruza Ugarte
Fermin Muguruza Ugarte abeslari, musikagile eta ekoizle irundarra da. Bere anaia Iñigorekin eta Jabierrekin batera Kortatu musika taldea osatuz hasi zuen bere musika ibilbidea. Ondoren, Negu Gorriak taldean eta beste hainbatetan ibili da, baita bakarka ere, tartean beste hainbat proiektutan murgilduta egoteaz gainera. Azkenaldian ikus-entzunezko errealizazioan zentratuta dago. Esaterako, azken 14 urteotan “Black is Beltza” proiektu kulturala garatu du, komikiak, pelikulak eta musika uztartzen dituena. Bere azken proiektua Bidasoa 2018-2023 dokumentala da, urriaren 20an zinemetan estreinatuko dena.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.



