Festen eragina hiriko merkataritza eta ostalaritzan

Pandemiaren ondorioz Irungo jaiekin lotutako ekitaldi gehienak bertan behera gelditu ostean, kaleetako festa giroa ezohikoa izango da. Hiriko merkatari eta ostalariek aurtengo jai ezohikoen eragina nabarituko dutela uste dute eta diru-galera garrantzitsuak eragingo dizkiela aurreikusten dute, batez ere, jaiekin harreman zuzena duten zerbitzu eta produktuak eskaintzen dituzten saltokietan.

Juncal Aguirre Calzanor
Juncal Aguirre Calzanor enpresan hiriko jaiak bertan behera gelditu direla nabaritu dute era zuzenean. Izan ere, hiriko jaietarako alpargaten ekoizpena urte osoan zehar martxan izan ohi dute, ekaineko data hauetarako ekoizpenaren erdia prest izan ohi dutelarik. Elena Dominguez enpresako gerenteak adierazi duenez, abantaila moduan, alpargatak datozen urterako prest gordetzeko aukera dute, baina, aurten ez bada, datorren urtean ekoizpena murriztu beharko dutela ondorioztatu du. Beraz, lehenago edo beranduago krisiaren eragina salmentetan nabarituko dutela aurreikusten dute.

Dena dela, jaietako egun handian jendeak San Martzial eguneko ohiko kolore eta arropekin janzteko asmoa duela dirudi. Hala ere, Juncal Aguirre Calzanorren ez dakite jendeak alpargata berriak erosteko asmorik izango duen, beraz, salmentak %10era arte murriztea gerta daitekeela uste dute. Jaietan zehar salmenta gehieneko egunak ekainaren 15etik aurrera eta hilabete amaiera artekoak izan ohi dira. Izan ere, Calzanorren zinta gorri eta beltzeko alpargata tradizionalez gainera, kolore gorri, beltz eta zuriak dauzkaten bestelako alpargata diseinu berriak prestatzen dituzte urtero, urte horretako azken joerak jarraituz. Hiriko jaietarako 8.000 alpargata pare inguru ekoizten dituztela kalkulatzen dute, hortaz , saldutakoen kopurua apur bat baxuagoa izango litzateke. Orokorrean zinta beltzak dauzkaten alpargatak dira gehien saldutakoak, alardeko soldadu guztiek erabiltzen dituztenak direlako.

Casa Miron
Irungo Colon pasealekuan kokatutako Miron dendetan, orokorrean, kantinerekin lotutako hainbat objektu saltzen dituzte San Pedro eta San Martzial jaien atarian. Erosleak kantinerentzako apaingarriak dauzkaten bitxiak, argazkietarako markoak, abanikoak eta bitxiontziak bezalako oparien bila hurbildu ohi da dendara. Hortaz gain, oparitarako erosten diren objektuetan mota askotako grabatuak egiten dituzten Casa Mironen, izena, konpainiaren izena edo urtea grabatzeaz gainera, San Martzialeko ermita, Junkaleko parrokia edo udaletxea bezalako irudiak grabatzeko aukera eskaintzen dutelarik.

Hala ere, urte batetik bestera gauza berriak eskaintzeko ahalegina egiten dute. Dena dela, pertsonalizatzeko aukera eskaintzen duten objektuak izan ohi dira data hauetan arrakasta gehien izan ohi dutenak. Lege-zilar motako artikuluekin lan egiteaz gainera, San Martzialetako koloreekin asko jolasten dutela adierazi du Daniel Thalamasek. Abanikoen kasuan, abaniko bereziak eskaintzen dituzte, eskuz eginak izateaz gain, denboraldi bakoitzaren hasieran abaniko guztiak berritzen baitira. Aurten, kantinerik egongo ez denez, dendako produktuak momentuko egoerara egokitu eta edozein irundarri oparitzeko egokiak izan daitezkeen gauzak salgai izango dituztela iragarri du. Hortaz gain, urtero moduan dendako erakusleihoa apainduko dute, jai giroa Irungo kaleetan islatzeko.

Txintxo taberna
Azken Portu auzoko Txintxo tabernan sanmartzialak oso era berezi batean ospatzen dituzte. Urtero taberna osoa jaiekin lotutako apaingarri berezi eta ezberdinekin apaintzen dute, eskuz egindako apaingarri pertsonalizatuen bitartez. Hortaz gain, San Martzial egunean hamaiketakoak antolatzeko ohitura dute eta Andone Jimenez tabernako jabeak azaldu duenez, oso giro polita sortzen da tabernaren inguruan egon horretan. Horrela, auzoko jendearen erdigune izateaz gainera, auzokoa ez den jende asko hurbildu ohi da urteko egun berezi horretan alardea amaitu bezain laster edo entseguetan zehar.

Aurten taberna era sinpleagoan apainduko dute, pandemiak apainketak gehiago lantzeko aukerarik eman ez dielako. Jai egunak hasi aurretik jendea hamaiketakoak eskatzen hasi da, beraz, aurten ere hamaiketakoetarako lekuak aurretiazko hitzorduen bitartez banatuko dituzte.San Martzial ezohikoek salmentetan eragin negatiboa izango dutela aurreikusten dute, izan ere, jaiekin lotutako ekitaldiak murriztearekin batera, bezeroek tabernara hurbiltzeko gogo gutxiago izango dituztela uste baitute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude