Gloria Larrañaga Aizpuru, kantinera izandakoa:  “Orduan Sanmartzialak naturalagoak ziren, hainbesteko prestaketarik gabe”

Denboran atzera egiteko, zuri-beltzeko argazki eta dokumentuez gain, zuzenean jasotako testigantzek balio kalkulaezina dute. Oroitzapenen hari mehetik tiraka, ahaztear diren kontuak salbatu daitezke. Gloria Larrañaga Aizpuru denboraren joanari desafio eginez bizirik dirauen testigantza horietako bat da. 1948. urtean alardeko musika bandako kantinera izan zen eta bere oroitzapenek Sanmartzialak XX. mende erdian nolakoak ziren ulertzen laguntzen digute.

Gloria Larrañaga Aizpuru 1927ko apirilaren 17an jaio zen Irunen, berak azpimarratu duenez “Kale Nagusiko 9. etxean, hirugarren solairuan”.  Ramón Larrañaga Olaciregui eta Concha Aizpuru Garmendiaren alaba da. Irunen bizi izan da bizitza osoan, eta, ondorioz, hiriaren azken mendeko historiaren isla garbia da bere bizitza. Orain, 98 urterekin, denboran atzera egin eta Sanmartzial berezi haietako oroitzapenak berreskuratu ditu. Gloria Larrañagak azaldu digunez, sorpresaz iritsi zitzaion kantinera izateko gonbidapena. “Abesbatzan entsegu bat amaitzerakoan Teodoro Múrua, Irungo Udal Musika Bandako zuzendaria zena gerturatu eta Musika Bandako kantinera izateko hautatua izan nintzela esan zidan”. Beraz, bat-batean iritsi zitzaion albistea, aurretik hautagaitzarik aurkeztu edo izenik eman gabe. “Kantinera izateko aukeratu nindutela esan zidatenean oso harrituta geratu nintzen”, azaldu du Larrañagak.

“Kantinera izateko aukeratu nindutela esan zidatenean oso harrituta geratu nintzen”

Musika Bandako kantinera izateko aukeratu zutela jakin zuen arte, Gloria Larrañagak inoiz ez zuen imajinatu kantinera izateko aukera izango zuenik. Hasierako sorpresa gaindituta, ilusioak gainezka egin zion Gloriari. “Aurretik nire ahizpa Artilleriako kantinera izan zen, eta gainera, bera ni baino ederragoa zen”, adierazi du. Ahizparen kasuan, Artilleriako kanoiaren gainean eserita desfilatu zuen, lehen horrela ateratzen baitziren. Ahizpak Gloriari kontatu ziona izan zen asko aspertu zela eserita ateratzeagatik, inor agurtu gabe. “Abanikoarekin ateratzeak grazia handiagoa zuen, alde batera eta bestera agurtzeko aukera duzulako eta oso esperientzia ederra da”, erantsi du elkarrizketatuak.

Gainera, Musika Bandako bigarren kantinera izan zen. “Lehenengoa María Juncal Navas izan zen, bere aita udaleko idazkaria zen”. Gloria Larrañagak aipatu duenez, lehen kantinera bi urtez jarraian atera ostean, bera izan zen Musika Bandarekin desfilatzen bigarrengoa.

Haurtzaroa gogoratuz, Gloria Larrañagak aipatu du txikitan Irungo jaiez gurasoekin batera gozatzen zuela. Gaztetan, berriz, festaz gozatzeko aukera gehiago zituzten, baina Larrañagak azpimarratu digunez “gehienez gaueko hamabiak arte, ordu horretako jada etxera itzuli behar zirelako denak”. Bandako kantinera izandakoak azaldu digunez, festa egunak kalejira edo karrika-dantzarekin amaitzen ziren. “Buelta osoa eman ostean, Larretxipi kaletik San Juan plazara eskailerak igo ezinik iristen ginela gogoratzen dut, bertan amaitzen zirelako beti”. Irundarrak gogoratu du Bigarren Mundu Gerra garaian soldatu alemaniarrak mugara iritsi zirenean, kalejira horietan ere parte hartzen zutela, baina oso gaizki moldatzen zirela, esperientzia falta zitzaiela nabaritzen baitzen.

Gaur egun kantineren artean ohikoak diren prestaketa eta egitekoen zerrenda amaigabeekin alderatuta, Gloria Larrañagak azaldu du garai hartan gauzak oso bestelakoak zirela. “Kantinera jantzia Irungo Udalean utzi zidaten” azaldu digu Larrañagak. Asko jota, jantzian jostunen batek egin beharreko moduko moldaketaren bat egin behar izatekotan, modistarengana joaten zirela aipatu du. Abanikoei dagokienez, bakarra izan ohi zutela aipatu du, gaur egungo kantinerek izan ohi dituzten haizemaile mordoarekin alderatuta. Ekainaren 30eko orrazkera ahizpak etxean bertan egin ziola gogoratzen du, ile apaindegira joateko etxetik ordu txikitan atera beharrik gabe. “Orduan Sanmartzialak naturalagoak ziren, hainbesteko prestaketarik gabe”, azaldu digu Gloria Larrañagak. Garaiko argazkiak ikusita, egungoekin alderatuta belarritakoak ezberdinak zirela ikusi daiteke: “zuriak izan ohi ziren kantinera guztiek eramaten zituzten belarritakoak”.

Ekainaren 30 ahaztezina

San Martzial Egunaren aurreko egunak ere oso lasaiak izan ziren berarentzat, entsegu eta bestelako prestaketarik gabe iritsi baitzen ekainaren 30era. “San Martzial egunean nire etxeko atea jo zuten arte ez nuen inolako entsegurik izan”, azaldu du Larrañagak. Etxetik ateratzerakoan, atarian jada musika banda zain zuela ikusi zuen. Ama etxetik jaitsi zela gogoratzen du, eskuetan kafea eta pasta batzuk zituela, bandako kideei etxean zutena eskaintzeko. “Jaitsi nintzenean txalotu ninduten eta besterik gabe, azkar batean, desfilatzen hasi nintzen”, adierazi du Gloria Larrañagak.

“San Martzial egunean nire etxeko atea jo zuten arte ez nuen inolako entsegurik izan”

Goiz eta arratsaldez desfilatu zuten San Martzial egunean. Eguerdian berriz, San Martzial mendira igo eta meza entzutera hurbildu ziren. “Mendian musika ere bazegoen, eta beraz,  euskal dantzak dantzatzen aritu ginen”, adierazi du Gloria Larrañagak. Eguerdian etxean elkarrekin bazkaldu eta gauean, berriz, arratsaldeko alardea amaitu bezain laster etxera itzuli ziren. Urte hartako unerik berezienaz galdetuta, Larrañagak honako hau adierazi digu: “nire aitak zuen ilusioa izan zen niretzat bereziena”.

Musikari loturiko bizitza

Musika Bandako kantinera izateaz haratago, Gloria Larrañagaren bizitza musikari loturik egon da. Bere bizitzan zehar Irungo hainbat abesbatzetako parte izan dela azaldu du. “Kantinera izendatu nindutenean “Buenos Amigos” orfeoian kantatzen nuenez, orfeoiko mutilek nirekin batera sarjentu bezala ateratzeko gogoa zuten. Azkenean, Carlos Casadevante atera zen bere alboan desfilatzen, Bixente eta beste hainbat mutil prest egon arren, bakarra aukeratu behar izan zuelako. Gaur egun gainera, 98 urterekin musikak oso presente jarraitzen du bere bizitzan, egunero pianoa ordu erdiz jotzen du eta.

Kantinera izan ostean, Sanmartzialak ospatzen eta disfrutatzen jarraitu du Gloria Larrañagak. Azaldu digunez, “Mari Camen Mujicarekin, bere senarrarekin eta koadrila batekin elkartu ohi ginen jaiak ospatzeko eta oso ondo pasatzen genuen”. Hala ere, senarra zendu zenetik adierazi du jada ez dituela ilusio eta gogo berarekin bizitzen. Oroitzapenek, ordea, urte polit hartako oroitzapenek, ezabagaitz diraute haren oroimenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude