HaurARTEan programak errespetuko heziketan jarriko du arreta tailer berrien bitartez

HaurARTEan programaren edizio berria nerabeei laguntzeko hiru tailerrez eta HaurARTEan FIT ekintzez osatuko da. Biak ala biak haziera kontziente eta errespetuzkoa sustatzeko asmoz antolatzen dira. Bi ekimenak HaurARTEan programaren esparruan kokatzen dira, ikasketa-komunitate lokal bat izateko helburua duena, eta haurren eta nerabeen eskubideak ditu ardatz.

Sergio Javier Gazteriako ordezkariak HaurARTEan-en edizio berria aurkeztu du. Ordezkariaren hitzetan, «HaurARTEan programak zenbait urte darama jadanik gazteenen eskubideak ardatzean jarriko dituen komunitate bat eraikitzen laguntzen, beti ere ikaskuntzaren eta errespetuaren bidez».

Gurasoei eta hezitzaileei zuzenduak dira hiru tailerrak (urritik abendura bitarte egingo dira) eta HaurARTEan FIT programa. Tresnak eta baliabideak eskuratuta, haziera kontziente eta errespetuzkoa sustatzeko xedea dute.

Hiru tailerren xehetasunak

Alde batetik, guraso, tutore eta hezitzaileentzako hiru tailer egingo dira, «Nerabeak: laguntzeko gakoak» izenburupean. Horietan, hiru espezialistak adin horretan gazteek dituzten beharrak eta erronkak izango dituzte hizpide, hala nola pornografia eta sexu-heziketa edo pantailen erabilera.

Tailerrak Palmera Monteron egingo dira, arratsaldez, urriaren 30ean, azaroaren 27an eta abenduaren 11n. Hizlariak Diana El Azem Crovetto irakaslea, María Rodríguez Suárez sexologo eta doktorea eta Maider Iratzagorria teknologia berrietako aditua izango dira, hurrenez hurren.

Tailerretako izen-ematea doakoa da eta banaka egin behar da webgunearen bidez hitzaldi bakoitzerako bi egun falta diren arte edo toki guztiak bete arte. Gainera, tailerretan 3 eta 11 urte arteko haurrak zaintzeko zerbitzu bat eskainiko da. Erabili nahi dutenek, inprimakia betetzean adierazi beharko dute.

«Sinbiosia nerabezaroan: beharrak eta erronkak»

«Sinbiosia nerabezaroan: beharrak eta erronkak» tailerrean Diana El Azem Crovetto, Bigaren Hezkuntzako irakaslea eta Adolescencia Positiva proiektuaren sortzaileak parte hartuko du. Hitzaldia urriaren 30ean izango da, 17:30etik 19:30era gaztelaniaz. Izen ematea urriaren 14tik urriaren 28ra egin beharko da edo tokiak bete arte.

Hitzaldi honetan, etapa gatazkatsu horretako behar eta erronken berri emango da. Askotariko gaiak jorratuko dira, hala nola beren nortasuna berresteko edo bizitzaren helburua bilatzeko nerabeen beharra edo emozioen kudeaketa, seme-alabei laguntzeko errespetuz eta, aldi berean, irmotasunez.

«Pornoa hizketagai: sexu-heziketa alternatiba gisa»

«Pornoa hizketagai: sexu-heziketa alternatiba gisa» tailerra gidatuko du María Rodríguez Suárez sexologoa eta genero eta dibertsitateko doktoreak. Tailerra azaroaren 27an izango da, 17:30etik 19:30era gazteleraz. Izen ematea urriaren 14tik urriaren 28ra egin beharko da edo tokiak bete arte.

Tailer honen xedea espazio bat osatzea da, familiatik eskaini nahi den sexu-heziketaren ereduaz hausnartzeko, gaiaren inguruko begirada kritikoa mantentzeko tresnak eta baliabideak ere eskainita.

«Hezkuntza digital positiboa sustatzen: mugikorra eta pantailak erabiltzeko mugak eta arauak familian»

Maider Iratzagorria, teknologia berrietan espezializatutako Pantallas Amigas ekimeneko prestatzaileak «Hezkuntza digital positiboa sustatzen: mugikorra eta pantailak erabiltzeko mugak eta arauak familian» tailerra zuzenduko du. Tailerra abenduaren 11n, 17:30etik 19:30era egingo da, euskaraz, baina aldibereko itzulpen-zerbitzua egongo da behar duenarentzat. Izen ematea urriaren 14tik 28ra egin beharko da edo tokiak bete arte.

Tailerraren xedea da teknologia horiek (aplikazioak, bideojokoak) bertatik bertara ezagutzea eta ulertaraztea zer garrantzitsua den txikitatik norberaren pribatutasun eta nortasun digitala garatzeko kultura lantzea. Gainera, pantailen erabilerari buruzko zenbait gai landuko dira, eta teknologien alorreko bitartekaritza modu positiboan egiteko tresna batzuk azalduko dira.

HaurARTEan FIT, familientzako entrenamendua

Bestalde, Gazteria zerbitzuak HaurARTEan FIT programa ere abiarazi du. Gurasoei eta tutoreei entrenamendua emateko helburua du, taldeko esperientziatik abiatuta, familietan egunerokoan gertatzen diren egoerei erantzuteko tresna eta estrategia egokiak landuz.

Palmera Montero espazioan egingo dira, sei saioko bi bloketan: aurrena 2024ko azarotik 2025eko urtarrilera bitartean eskainiko da, eta 3 eta 10 urte arteko haurren guraso eta tutoreei zuzenduta dago. Zehazki, saioak azaroaren 5ean eta 9an, abenduaren 3an eta 17an eta urtarrilaren 14an eta 28an egingo dira, 17:30etik 19:30era.  Izena emateko epea urriaren 28ra arte egongo da irekita Udalaren webgunean; izen-ematea sei saioetarako da. Gainera, 3 eta 11 urte arteko haurrak zaintzeko zerbitzua egongo da. Guztira, 26 parte-hartzaileentzako tokia eskainiko da.

Bigarren blokea Jolas Fit deitzen da, eta 2025eko otsailetik maiatzera bitarte egingo da, 5 eta 7 urte arteko aurren guraso eta tutoreei zuzenduta. Zehazki, saioak otsailaren 12an eta 26an , martxoaren 12an eta 26an, apirilaren 9an eta maiatzaren 7an egingo dira, 17:30etik 19:30era. Kasu honetan, haurrek ere saioetan parte hartuko dute, gurasoekin batera, guztira, 30 lagunek parte hartuko dutelarik, haurrak barne. Bigarren bloke horretan izena emateko epea 2025eko urtarrilean irekiko da.

Leyre Cano eta Donna Apellaniz dira bi programen koordinatzaileak. Biek dute gaiaren inguruko prestakuntza, eta espezialistak dira adimen emozionalean, haurtzaroan eta nerabezaroan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude