Iñaki Goikoetxea Irungo gazteak Ruta BBVAn parte hartu du

Ruta BBVA, lehen Ruta Quetzal izenez ezagutzen zena, 1979an antolatu zen lehenengo aldiz, Miguel de la Quadra-Salcedo abenturazaleak sustatuta, honako helburu honekin: Iberoamerikako gazteeen arteko elkartruke kulturala bultzatzea.

RUTA BBVA 02Aurten 29. edizioa egin da, eta azken urteetan eman den bidaiaren estruktura mantendu da. 21 herrialdetako 16-17 urteko 200 gazte baino gehiago elkartu dira bost asteko bidaia egitera ekain-uztailetan. Lehenengo partean Perun ibili dira, eta bigarrenean, Espainian. Iñaki Goikoe-txea irundarrak bigarren honetan parte hartu du begirale gisa. Osoan parte har-tzeko aukera izan arren, erdia egin izan behar du, hemen lana zeukan eta.

– Zein izan da gazteen lana?
Gazteek Ruta BBVAn parte hartzeko lan batzuk aurkeztu behar dituzte. Orain arte, gai historikoen inguruan ziren, eta orain balioak ere lantzen hasi dira. Horrela, aurten beraientzat garrantzitsua zen Espainiako edo Peruko XX. mendeko pertsonaia baten inguruan hausnartu behar zuten, eta Perun gaizki dagoen egoera sozialen bat hobetzeko proiektua aurkeztu. Lan asko aurkezten dira eta zaila da sartzea, eta horrek inplikatzen du gazteen maila eta inplikazioa oso altua dela. Bidaian daudenean, bisita eta hitzaldi kultural asko egiten dira, baita kirola eta mendi ibilbideak ere.
– Zer esan nahi du “Amazonas ibaiaren iturburuen bila” delakoak?
Urte bakoitzean helburu bat ematen zaio Rutari, eta haren inguruko izenburu bat. Aurten, Peruko zatian, herrialde horretan jaiotzen den Amazonas ibaiaren iturburura igo dira ruteroak, Nevado Quehuishan 5.170 metrora kokatzen baita: erronka handia!
Bidaiaren bigarren partean Madrilen, Euskal Herrian, Valladoliden eta Toledon egon gara, eta Perurekin ere harremana zuten lekuak bisitatu genituen; adibidez, Nafarroako Irurita eta Arizkun herrietan izan ginen, bertako goienetxetarrek garrantzia handia izan zutelako Peru Espainiako kolonia zenean.
– Zer ikasi duzu, gure gizartean zer hobetu daiteke?
Bidaian agintari askok hartu gaituzte, besteen artean Felipe VI.a errege berriak, eta guztiek mezu bat esaten ziguten, eta nik horrekin bat egiten dut: “Horrelako bidaia eta esperientzia batek kulturak elkartzeko gehiago egiten du, politikariek egin ditzaketen esfortzu asko baino”. Bestalde, imajinatu behar dugu parte hartu duten gazte askorentzat hau izan dela lehenengo aukera euren herrialdeetatik ateratzeko, eta betiko gordeko duten uneak bizi dituzte, zerbait ahaztezina. Nik, begirale bezala, ikasi dut, nahiz eta kultura ezberdinetakoak izan, asko dugula komunean, eta harreman pertsonaletan berdintsuak garela.

– Pasadizoren bat kontatu
Ruta oso antolatua dago, baina badira azken orduko aldaketak. Hau ezagutzen hasi ginen martxoan, begiraleen hautaketan, Madrilgo mendietan probak egiten ibili ginenean izugarrizko elurtearekin. Ez da erraza 200 gazte mugitzea eta hauen inguruan dagoen guztia (laguntzaileak, medikuak, katerina, kazetariak, TVE-rako dokumental bat grabatzen dutenak…). Batzuetan bezperako gaura arte ez genekien zein zen hurrengo egunaren plan zehatza, kezkak sortzen ziren… Baina azkenean dena ondo ateratzen zen.
– Gomendatuko zenuke Ruta BBVA? Zergatik?

RUTA BBVA 03
Dudarik gabe, Ruta BBVAn parte hartzea gomendatuko nuke. Gazte bezala, izugarrizko esperientzia da eta beste herrialdeetan bizi diren lagun oso interesgarriak egiteko aukera paregabea da. Begirale bezala (24-28 urte izan behar dira) zaila eta gogorra da sartzen lortzea; baina behin bertan zaudela, beste inon ezagutuko ez duzun kanpamendu mota batean murgil-tzeko aukera duzu. Horregatik, Irunen eta Euskal Herrian ibiltzen diren begirale guztiak gonbidatzen ditut informazioa bilatu eta probatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude