Irugurutzetako meatze-eremuko obren kontratua esleitu da

Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko urtarrilaren 21ean, Irugurutzeta ingurua turismo-helmuga gisa bultzatzeko jarduketa-obren kontratua esleitu du. Obras Especiales Construcción e Infraestructuras Sau enpresa izan da kontratuaren esleipenduna. 1.691.383,33 euroko (BEZ barne) kostua du, eta 12 hilabetean exekutatu behar da.

Esku-hartzearen asmoa da Irungo meatzaritzaren iragana sustatzea. Helburua da Irugurutzetako meatze-eremuari balioa ematea turismo-mailan, dagoen interpretazio-zentroa eguneratuz. Aipatzekoa da proiektuaren zenbateko osotik 1.300.000 euro Europar Batasuneko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (Next Generation EU funtsak) finantzatzen dituela.

Obraren xehetasunak

Jarduketa nagusiak ekintza hauetan banatzen dira:

Proiektuak eremu osoko elementuak berreskuratzeko lan batzuk aurreikusten ditu, betiere ikuspegi jasangarri batetik: landaretzako sasi-kentzea eta garbiketa, natura eta biodibertsitatea babestea eta indartzea, eta abar.

Aurrekoaz gain, gune estali bat ere aurreikusi da eremura hurbiltzen diren bisitarientzat. Gune hori solairutan banatuko da, igogailu baten bidez konektatuta, plataforma guztietara iristeko moduan. Eraikinak elkartzeko gune bat eta interpretazio-gune bat izango ditu, labe-bateriara sartzeko, besteak beste.

Interpretazio-zentroaren barrualdea birgaituko da, eta argi naturala aprobetxatuko da, espazioa argitzeko. Gainera, zerbitzu-azpiegiturak ezarriko dira, hala nola hornidura, saneamendua, energia fotovoltaikoa, argiztapena, aireztapena eta abar. Eta guztiak izango dira efizienteak energia aldetik.

Aiako Harrira sartzeko ate paregabea

Espazio naturalari balioa emateko beste baliabide batzuetan ere lan egingo da, besteak beste, kultura- eta ingurumen-eduki eta -jarduerak sortuz labeen inguruan ez ezik Aiako Harriaren inguruko meatze-hondarren, akueduktuen, meatze-zuloen eta galerien inguruan ere. Ekintza horiek lagundu egingo dute kokaleku hori Irundik Aiako Harriko parke naturalera sartzeko ate bihurtzeko helburuan, baliabide digitalak eta ondare-elementuak izango dituen museo-instalazio aurreratu bat ere egingo baita.

Sarrerako ate horretara,  Irungo Udalak berreskuratu eta martxan jarriko duen atrakzio turistiko ezagun baten bidez iritsi ahal izango da, tren berdeak zerbitzu hori ere egingo baitu- Gainera, % 100 elektrikoa izango da, eta hiriaren erdigunea eta inguru hori lotuko ditu. Horrek 450.000 euroko kostua izan du (BEZa barne), eta horietatik 200.000 euro Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (Next Generation EU funtsak) finantzatzen ditu.

Irugurutzetako labeen zaharberritze monumentalaz gain, naturagunea garbitu, labeak segurtasunez sendotu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea aurreikusten da.

Irugurutzetako labeak

Irugurutzetako ondare-eremuan meatze-galeriak eta minerala kiskaltzeko labeak daude. Hango labe-bateria Euskal Herriko garrantzitsuenetariko bat da.

Nahiz eta Aiako Harriko eta inguruko meatze-ustiapenak erromatarren garaian hasi ziren, Irugurutzetan bisita daitezkeen egiturek XX. mendeko meatze-jarduerarekin dute zerikusia, burdina erauzten zuten.

Minerala erauzketa-lekuetatik labeetara garraiatzen zen, burdinbidetik bagoneten bidez edo airetik, kableetan galdarak esekita. Behin hara iritsita, labeetan kiskaltzen zuten, oxido bihurtzeko eta horrela bere metal-legea areagotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude