Irun 2029an Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren egoitza izateko lanean ari da

Gaur goizean, Cristina Laborda Irungo alkateak Francisco V. Blázquez Espainiako Eskubaloi Federazioko presidentearen bisita jaso du, Irun 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketako egoitza izendatu ondoren. Ficobara joan dira elkarrekin, bertatik bertara ezagutzeko emakumezkoen txapelketa horren egoitza izango den IAM pabiloiarekin kokalekua. Haiekin batera izan dira, proiektuari babes irmoa adierazteko, Miguel Ángel Páez, Hirigintzako ordezkaria; Borja Olazabal, Kiroletako ordezkaria eta Gurutz Aguinagalde, CD Bidasoako presidentea.

Alkateak pabiloia eraikiko den lekua erakutsi dio Federazioko presidenteari. Infografia baten bidez, zabaltza horretan bertan altxatuko den IAM proiektua nolakoa izango den ikusi ahal izan dute. Titulartasun publikoko 82.055,77 m2-ko partzela bat da, kirol-ekipamendutarako hirigintzako kalifikazioa jasotzeko bidean dagoena. Ondoren, eraikuntza-lanei ekingo zaie, nazioarteko sona duen kirol-ekitaldi horretarako dena prest egon dadin. Pabiloi berria, gainera, CD Bidasoaren jokalekua ere izango da, Europako lehiaketetarako espazio bat behar baitu, kluba hazteko. Izan ere, Artalekuko pista txiki geratzen da talde irundarraren asmoetarako.

Cristina Labordaren hitzetan, “Irun lan eta lan ari da jada Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren egoitza izateko ametsa betetzeko”. Alkateak azaldu duenez, Ficobako partzela kokaleku ezin hobea da: mugaren ondoan dago eta oso ondo komunikatuta dago. “IAM pabiloia eraikitzeko erlojuaren kontrako lasterketa honetan, eskertzekoa da Espainiako Eskubaloi Federazioaren babesa”, adierazi du Cristina Labordak. Izan ere, urte gutxitan eraiki behar denez, alkateak gogoratu du inplikatutako gainerako erakundeen babesa behar dutela horretarako, nazioarteko maila handiko txapelketa hau Irunen eta Euskadin jokatzeak ekarriko duen guztiagatik. Irungo alkateak gaineratu duenez, “kirolaren aldeko konpromisoa erakusteko unea da eta, batik bat, emakumeen kirolaren aldekoa».

Francisco V. Blázquezek, bestalde, honako hau nabarmendu du: «2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa erronka berria da gure kirolarentzat. Inflexio puntua izan zen 2021eko Munduko Txapelketatik gatoz, eta herrialde parte-hartzaile guztien eta Nazioarteko Federazioaren aho bateko onarpena jaso dugu. Gipuzkoak amets bat bultzatu du, Irunen egia bihurtuko dena, eta, ziur nago, antolaketan erreferentzia bihurtuko den Munduko Txapelketa bat antolatu du. IAM pabilioiaren proiektua, FICOBA inguruan, kirol-instalazioen bilakaeraren aldeko apustua da, eta apustu horretarako eskubaloia erabakigarria izatea harro egoteko modukoa da. Ekitaldi integratzaile baten aldeko apustua egiten dugu, emakumeen eskubaloiaren aldeko apustua gizartea eraldatzeko tresna gisa erakusteko, eta kirolaren esparruan emakumearen irudia indartzeko».

IAM pabilioia

Irunek kirol-pabiloi hau behar du 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketarako. Irungo Udalak martxan du pabilioia eraikitzeko bide emango duen hirigintza-prozesua, eta, hurrengo kreditu-aldaketaren esparruan, Udal Gobernua urte anitzeko kontu sail bat onartzekoa da, agintaldi honetan bertan lanean hasteko. Aldi berean, gainontzeko erakundeek (Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak) dagozkien finantzaketa-konpromisoak har ditzaten lan egiten ari da Udala, haien babesa ezinbestekoa baita aurrera eramateko proiektu hau, zeina Gipuzkoa eta Euskadirentzat mugarri izango den dudarik gabe.

Planteatutako azpiegitura 10.000 lagunentzako ekitaldiak egiteko erabili ahalko da. Kirol-ekitaldiei dagokienez, eseritako 5.000 ikuslerentzako tokia izango du.  Muga inguruan egonda, leku aproposa izango da, CD Bidasoaren partiden egoitza izateaz gain, musikaren eta kulturaren arloko hitzordu handiak bertan egiteko. Egun lurraldean ezin dira antolatu, leku on baten faltan.

Gainera, lurpeko aparkaleku bat eraikiko da. Gutxi gorabehera 700 plaza izango ditu eta, egun Ficoban daudenak batuta, ia mila auto aparkatzeko lekua egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude