Irun Europako OCR Txapelketaren, oztopo lasterketaren, egoitza izango da 2026ko maiatzean. Guztira maiatzaren 28tik 31era lehiaketak egingo dira Irunen, hirigunetik eta naturaguneetatik pasatuko den ibilbidearekin. Parte-hartzaileek zenbait erronka fisiko gainditu behar dituzte ibilbidea osatzeko
Kontinente mailako lehiaketa horren bederatzigarren edizioa izango da. Aurtengoa Portugalen egin da, eta 2026koa antolatzea Espainiari dagokio, aurreko urteetan beste herrialde batzuetan egin eta gero, hala nola Erresuma Batua, Herbehereak, Danimarka, Polonia, Italia eta Hungaria. Irungo hiriak, beraz, aurreko asteko bost egunetan zehar Lisboan jokatu den nazioarteko lehiaketaren lekukoa jasoko du. Lehiaketaren itxiera-ekitaldian eman zen datorren urteko egoitzaren berri, hiriaren irudiak biltzen zituen bideo baten bidez.
Azken urteetan zabaldu eta zabaldu egin denez, datorren joko olinpikoetan lehen aldiz sartuko da kirol hau, 2028ko Los Angelesekoetan, alegia. Zenbatespen batzuen arabera, Europako hogeitik gora herrialdetako 2.500 parte-hartzaile baino gehiago etorriko dira gurera, eta horiei laguntzaileak gehitu behar zaizkie. Lau egunetan hiri osoa, Udalak gidatuta, jo eta su arituko da ekitaldia antolatzen zeinak, gainera, bulkada handia emango dion tokiko ekonomiari.
Irun, ekitaldien hiria
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «Irunek ondo baino hobeto erakutsi du ekitaldi handiak antolatzeko prest dagoen hiria dela eta, jakina, kasu honetan ere agerian geratuko da antolakuntzarako dugun gaitasuna”. 2022ko Vueltaren eta 2024ko Itzuliaren irteeren ondoren, edo aurten eskubaloiko Errege Koparen azken fasearen egoitza izan eta gero hiriko beste ekitaldi bat dator Irunera, Udalak Irun horrelako ekitaldien egoitza izateko egin duen apustuaren erakusgarri. Alkateak erantsi duenez, “lurralde mailan ere erreferente izaten jarraitu nahi dugu, eta hori begien bistakoa da azken urteetan antolatu ditugun ekitaldi masiboei erreparatuta».
OCR, Irunen aztarna duen proba bat
Hiria 2022an hasi zen Denontzat Race antolatzen, Denontzat gimnasioaren eskutik. Probak gero eta interes handiagoa pizten du irundarren artean, urteak joan urteak etorri. Azken edizioan, 2025ean, maila goreneko lasterketak 55 oztopo baino gehiago izan zituen, 12-13 kilometroko ibilbide batean. Maila guztiak batuta, 450 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte.
Aipatzekoak dira Asier Landart eta Irati Beorlegi irundarrak, Espainiako OCRko txapeldun izan baitira eta. Gainera, Asierren kasuan, Irundarron Saria irabazi zuen, gainera, 2022ko Kirol Galan, eta Iratik, Emakumezko kirolari onenaren saria 2023ko Kirol Galan.



