Larunbatean Amaia antzokian “Tempus Fugit” dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, larunbat honetan, irailaren 23an, “Tempus Fugit” dantza-ikuskizuna izango da Amaia KZko agertokian. 19:00etan izango da hitzordua eta 8 euro balio ditu sarrerak.

La Mov dantza-konpainiaren eskutik, “Tempus Fugit” dantza-ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Dantzari-talde horrek harritu egingo omen gaitu mugimendu “ikusgarriak, dinamikoak eta muturrekoak” eginez, konpainiatik adierazi dutenez. Udaberria-udazkena kultura-agendako jardueren esparruan da hitzordua.

Victor Jimenez izango da ikuskizunaren zuzendari artistikoa, eta dantzariak honako hauek: Mattia Furlan, Elena Gil, Paula Rodríguez, David Serrano, Alain Rivero, Imanol López, Laura López, Jimena Martínez eta Fátima Alcántara. Musika, berriz, Vivaldirena, Max Richter-ek eta Jorge Sarnagok berrikusia.

Antzezlana jende ororentzako da, eta bertaratu nahi dutenek Amaia KZren webgunean eskuratu ahal izango dute sarrera, edo zentroko leihatilan bertan, emanaldia baino ordubete lehenagotik, betiere sarrerarik geratzen bada.

Tempus Fugit

LaMov konpainiak hamabost ikuskizun estreinatu ditu bere jardunbidean, eta, oraingoan,  Tempus fugit ikuskizunean, denboraren joana eta iheskortasuna hartu ditu oinarritzat. Lan horri esker, bizitzaren bidaia frenetiko, zirraragarri eta mingarrian murgildu ahal izango dira ikus-entzuleak.

LaMov Ballet  

2008an sortu zen Zaragozan LaMov dantza-konpainia, Víctor Jiménez madrildarraren zuzendaritzapean. Denbora horretan, hamabost ikuskizun estreinatu ditu hainbat koreograforen piezekin. Horien artean, klasiko batzuk, hala nola Intxaur-kraskagailua, Loti ederra, Errauskine edo Trobadorea, eta obra garaikideagoak, hala nola Itzik Galili, Sharon Fridman, Rodovalho eta Francisco Lorenzo koreografoen lanak. Ikuskizun horiekin guztiekin, LaMov Miamin (AEB), Frantzian, Italian, Britainia Handian edo Alemanian izan da. Espainian, hainbat antzoki enblematikotan egin dituzte emanaldiak; besteak beste, Oviedoko Campoamor Antzokian, Madrilgo Kanaleko Antzokietan, Gijongo Jovellanos Antzokian, Mahongo Antzoki Nagusian, Malagako Cervantes Antzokian, edo Vigoko eta Murtziako Auditoriumetan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude