Biok Txingudik Eibarren jokatuko du larunbat goizean eta Zaisa Txingudik Lasarte-Orian arratsaldean
Goiko postuetan kokatzeko borrokan izan nahi du Biok Txingudik eta, horretarako, nahi eta ezkoa da puntuak lortzea. Helburu horrekin joango dira Eibarrera larunbat honetan ART/ERT taldearen hamabostekoaren aurka jokatzeko. Asier Gonzalez prestatzaileak nabarmendu duenez “liga ondo hasi dugu, hobekuntza handiak egiten ari gara denbora laburrean eta ikasten ari garena gure jokoan aplikatzen ere. Garaipenak eta puntuak iritsiko dira eta asteburu honetan aukera polita dugu horretarako.”
Aurkaria Arrasatek eta Eibarren bigarren taldearen bazkundea da eta seigarren kokatzen da sailkapenean 5 punturekin. Biok Txingudik puntu bakarra eskuratu du lehenengo bi jardunaldietan eta, garaipena lortuta, goiko postuetara hurbiltzeko aukera izango luke.
Bestalde, 15:00etan, Lasarte-Oriako Mitxelin zelaian arituko da Zaisa Txingudi. Camareroren mutilek ezin izan zuten pasa den astean jokatu aurkaria, Arratiko Zekorrak, ez baitzen Plaiaundin agertu. Kirol-diziplina komiteak mugakoei partida irabazitzat eman die, hortaz, bost puntuak eskuratu dituzte eta bosgarren dira ligako sailkapenean.
Aurrean Zarautz B/Beltzak taldea izango dute oraingoan, Lasarte-Oriako taldea eta zarauztarren filiala dena. Zaisa Txingudik Mitxelinen jokatutako azkeneko partida irabazi zuten, baina defentsan ez ziren fin ibili. Larunbatean ondo egin beharko dute lasartearrek ere bost puntu baitituzte eta bidasoarren helburu bera dute.
Bi hitzordu ordu berean
15:00etan ere, Txingudiren gazte taldeak jardungo dira Ordizian eta Getxon. Txingudi/Bera Bera sub 18 Ordizia bisitatuko du lehenengo garaipena lortzeko helburuarekin. Bestalde, 16 urtez azpikoek debuta egingo dute aurtengo ligan Getxoren bigarren taldearen aurka Fadurako zelaian.
Partida hauek hasi eta ordubetera, asteburu honetan Plaiaundin jokatuko den topaketa bakarra hasiko da. Sub 14 taldeak Gipuzkoako sevens txapelketako jardunaldi berria izango dute eta, oraingoan, etxean arituko dira. Eibar/Mutriku, Ordizia eta Bera Berarekin neurtuko dituzte indarrak. Egitaraua ixteko, eskolako taldeek Mutrikun egingo dute aurtengo lehenengo topaketa. San Migel zelaian Eibar/Mutriku, Arrasate/Soraluze eta Zarautz/Beltzak izango dituzte arerio igandean 10:30etatik aurrera
Aritz Arrieta, Euskadi sub 16
Euskadiko sub 16 selekzioaren prestaketak aurrera darrai eta, Txingudi Errugbi Klubetik adierazi dutenez, Aritz Arrieta jokalari irundarra deitua izan da. Euskal selekzioak azaroan jokatuko du Espainiako Autonomien selekzioen arteko txapelketaren lehenengo jardunaldia.
Munduko kopako finalerdiak, Txingudi Errugbi Tabernan
Pasa den asteburuan izan ziren final-laurdenetako partida zirraragarrien ondoren, ostiral eta larunbat honetan Munduko txapelketako finalerdiak jokatuko dira Parisko Saint Denis estadioan. Argentina-Zeelanda Berria eta Ingalaterra-Hegoafrika partidak Txingudi Errugbi Tabernan izango dira ikusgai ostiral eta larunbatean 21:00etatik aurrera.




