Txingudi Errugbi Klubeko jokalariak martxan daude jada

Argazkia: Biok Txingudi eta Sarako Izarraren arteko partida bat (Iturria: Txingudi Errugbi Kluba).

Txingudi Errugbi Klubeko taldeak denboraldi berria prestatzeko lanean hasi ziren abuztuaren hasieran. Senior gizonak abuztuaren 1ean hasi ziren 2024/25 denboraldiko prestaketekin eta emakumeak, berriz, abuztuaren 5ean.

Zaisa Txingudi

Zaisa gizonezkoen taldearen babeslea izaten jarraituko du, beste urte batez, eta Iñigo Camarero Taus teknikari nagusiaren papera mantenduko du, baina laguntzaile berria izango du hiru laurdeneko entrenatzailea Leire Muñoz Cao izango baita. Plaiaundin jokatzen hasitakoa, Hernani, Valladolideko El Salvador eta Eibarretik pasa ondoren, Txingudira bueltatu zen pasa den denboraldian emakumezkoen talde berrian jokatzeko. Aurten, Biok Txingudin jokatzeaz gain, gizonezkoen taldeko hiru laurdenen prestaketan arituko da Muñoz.

Ohikoa bada ere emakumeak Txingudiko taldeetan entrenatzaile lanetan ikustea, gizonezkoen taldean egoera berria izango da. Hala ere, teknikariak berak garrantzia kendu dio eta izan duen harrera ona azpimarratu nahi izan du: “Gogotsu nago denboraldi berri honekin, taldearen harrera oso ona izan da eta, denboraldiaurrearekin gaudenez, fisikoa lantzen ari gara gehien bat eta jokalari bakoitzaren baldintzak eta beharrak ikusten ari naiz”.

Aurreko denboraldietan bezala, taldearen muina ez da aldatuko, baina aldaketa asko izango dira. Besteak beste, Iñaki Cano Shab, Joao Costa Valente, Unai Herrero Gómez, Keoma Pacheco Fillweber, Luciano Echevarria Román eta Oier Arribillaga Ubiria taldera bueltatuko dira, Odín Gutiérrez Gamíndez sub 18 taldetik igo da eta Pablo Besga eta Imanol Rodríguez ere jantziko dute aurten kamiseta beltza.

Beste aldetik, hainbat baja ere izango ditu taldeak; hain zuzen ere, errugbia utziko dute Teo Arruti Bernadet, Javi Paredes Andia, Unax Domínguez Elgezabal, Lander Vielba Gómez, Asier González Araña eta Andoni Quiñones González. Denboraldia beste taldeetan emango dute Alejandro Lasa Aguirrek (Stade Hendayais), Adur Manterola Zapiainek (Atletico San Sebastian) eta Roman Solis Etxegoienek (AS Urrugnarrak).

Urtez urte hainbeste aldaketa izateak lana zailtzen duela aitortu du Iñigo Camarerok: “Pasa den denboraldia trantsiziozkoa izan zen eta aurtengoa ere ildo beretik joango dela esan dezakegu. Partida bakoitza disfrutatzea eta ahalik eta gehien irabaztea da gure helburua, ligako sailkapenak gugan eraginik izan ez dezan saiatuz”. Hala ere, goiz da oraindik helburu zehatzak finkatzeko, Camareroren hitzetan “behin jakinda jokalariak zein egoeran dauden, baloratuko dugu denboraldiko helburua”.

2024/25 denboraldiko aurkariak oraindik ez dituzte ezagutzen, baina hainbat filial izango direla aurreikusten dute. “Zaila da gure mailan partidak prestatzea, baina are gehiago bigarren talde baten aurka jokatzen duzunean. Dena den, ez dugu ezer aurreratu nahi eta buru belarri gabiltza gure prestaketan” azaldu du prestatzaileak.

Biok Txingudik

Aparteko sasoian dago Txingudiren emakumezkoen taldea. 2023/24 denboraldian Euskal ligan debuta egin ondoren, Biok Txingudik aurrerapausu bat eman nahi dut txapelketan lehiatzeko. Asier Gonzalez Arañak eta Alejandro Lasa Aguirrek entrenatzaile lanetan jarraituko dute, Patxi Artola Ferranen laguntzarekin aurrelariekin lanean. Gonzalezen hitzetan, “Pasa den denboraldian gure maila zein zen ikusi nahi genuen eta, lan txukuna egin bagenuen ere, gehiago lortu genezaken sentsazioarekin amaitu genuen. Aurten, berdin mantendu nahi dugu, hortik gora egin eta goiko postuetan “.

Horretarako, harrobia lantzea ezinbestekoa du taldeak eta beste helburuetako bat izango da hori. Entrenatzailearen esanetan “jokalari asko gerturatu zaizkigu azkenengo hilabetetan, batzuk esperientzia dutenak eta beste asko gabekoak, eta denak geratu dira. Talde giro ona izatea zen gure helburuetako bat eta hau lortu dugunaren seinale da”.

Jokalari berri horietako bat Sandra Ramos Díez da, 2024ko urtarrilean klubera iritsi zena eta aurten debuta egitea espero duena. Ramosek azpimarratu bezala “giroa apartekoa da, jokalari berriak taldearen parte sentiarazi gaituzte hasieratik eta ilusioz eta gogo handiekin hasi ditugu entrenamenduak”.

Emakumezkoen ligak aurten izango duen formatua oraindik ez da ezaguna baina taldeak lortutako esperientziarekin eta barne-kohesioarekin lan polita egitea espero dute.

Argazkiak (Txingudi RC): Biok Txingudiren entrenamendua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude