Txingudi errugbi klubeko taldeek etxetik urrun jokatuko dituzte 2024ko lehen partiduak

Argazkia: Biok Txingudi eta La Unicaren arteko partida Plaiaundin. (Iturria: Mikel Fraile)

Indarberrituta hasiko dute 2024a Txingudi errugbi klubeko senior taldeek. Egun hauetako eguraldi hotz eta euritsuak ez ditu mugako errugbilariak gelditu eta buru belarri aritu dira urte berriko lehenengo partidak prestatzen. Zaisa Txingudik Gasteizen jokatuko du eta Biok Txingudik Rioja bisitatuko du Logroñon. Bi norgehiagokak larunbatean 15:30etan izango dira.

Iñigo Camarerok ezin izango ditu Iker Tejero, Unai Cano, Unax Dominguez, Andoni Quiñones, Xabi Sánchez eta Odei Alonso zelairatu, arrazoi ezberdinengatik, eta Lander Vielba eta Jenö Kocsis zalantzan daude oraindik. Bestalde, Teo Arruti taldera bueltatuko da 8 hilabeteren ostean, bere lesiotik guztiz errekuperatuta.

Zaisa Txingudiren aurkaria, Gaztedi B, zazpigarrena da sailkapenean, Txingudik baino 2 puntu gutxiago ditu eta Zarautz B/Beltzak garaitu zuen azkenengo partidan. Mugakoentzat ezinbestekoa da garaipena ekartzea Gasteiztik lehenengo itzulia ondo amaitu eta igoerarako aukerak izaten jarraitu nahi badute.

Hiru partida erabakigarri Biok Txingudik

Emakumezkoen taldeak ligako lehenengo faseko azkenengo hiru partidak ditu aurretik. Zaila dute Euskadiko txapelketa jokatzeko multzoan sartzeko, 8 puntura baitago sailkapenerako azkenengo postua eta 15 daude jokoan, baina ez da ezinezkoa. Horretarako, Logroñon garaipena eta bonus puntua lortu beharko dute eta, RC Rioja azkenaurrena bada ere, ez da lan erraza izango.

Asier Gonzalezek ezin izango du Miren Fernandez, Irene Goenaga eta Maddi Olasagastirekin kontatu eta Maier Aia, Ainara Guerrico eta Naroa de la Fuente kolokan daude. Leizuri Pinagak debuta egin lezake taldearekin larunbatean.

Taldea jakitun izango da bere aurkari zuzenenaren emaitzaz, larunbatean bertan, 12:00etan, Arrasate/Eibarrek Ordizian jokatuko baitu. Debagoieneko taldeak Txingudik baino bost puntu gehiago ditu.

Gipuzkoa eta Euskadiko emakumezkoen selekzio gazteekin

Lurraldeko selekzioek Murtziaren aurka jokatuko dute datorren larunbatean, hilak 20, 13:30etan. Zehazki, sub 16 taldeak larunbatean jasoko ditu bisitariak eta, bertara, Greta Gutiérrez, Paula Da Purificaçao eta Helene Tristán izan dira deituak. Hurrengo egunean, Aitana Garrido, Gaia Morris, Lohitzun Aia, Luma Altube eta Maider Diazen txanda izango da, 10:00etan murtziarren aurka indarrak neurtuko duen sub 18 selekzioaren parte izango direnak.

Bi partidak Eibarko Unbe zelaian jokatuko dira. Helene Tristán eta Gaia Morrisek Euskadiko sub 16 eta sub 19 selekzioen deialdietan ere aurkitu dute beraien lekua, Zumendi Carorekin batera. Hiruak urtarrilaren 15an Elorrion egingo den entrenamendura deituak izan dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude