Txingudi Ikastolako arbelaren marra infinitua

2024ko abenduan lortu dute ikastolatik igarotako 54 kideak lehen aldiz kontaktuan jartzea, eta, 56 urteren ondoren Txingudi Ikastolako laugarren promozio klandestinoaren elkarretaratzeak bereziki hunkitu ditu bildutako 43 ikasle ohiak, alegia 1964an jaiotakoen promozioa.

Garaiko Irungo ikastolako eta Hondarribiko ikastolako lau urteko bi gela klandestinoetatik abiatu ziren, eta bosgarren mailan elkartu eta OHOko zortzigarren maila bitarte elkarrekin egon ziren “Escuela Parroquial Nuestra Sra. del Juncal” izenarekin kamuflatuak.

Ordutik ez zuten askok elkarren berri eta hunkigarria izan zen 2024ko elkarretaratzea: bizirik dauden hainbat gurasoen hamaiketakoa, ikaskideen talde argazkia, bazkaria eta bazkalondo luze-luzea.

Whatsappez eraiki dute garaiko argazkiz, ahots -mezuz, bideoz eta anekdotez urritik abendura bitarte asteroko kontakizunekin istorio amankomun bat, baltsan.

Abenduko elkarretaratze handia iritsi zen azkenean! Guztion harridurarako garai hartako ume haien lehenbiziko andereñoetako bat bertaratu zen, Arantxa Arrese, garai haietan 18 urteko neskatxa gaztea. Arantxa Arreserekin batera, gogoan zituzten, jakina, M. Jesus, Asentxi, Miren, M.Kruz, M.Karmen, eta gainerakoak ere bai.

Hasierako Ikastola klandestino hura frankismo betean abiatu zen guraso batzuen ilusioari eta diruaren bermeari esker, eta komentuz komentu pasa ziren (Pasiotarrak, Egiluze, La Salle, Betharram) eta hainbat eta hainbat anekdota eta istorioz bete zituzten euren bizitza hazten joateko.

Ongi gogoan zuten La Salleko Uranzu agertokiko ikuskizuna (Dominike nike nike!) eta Ikastola ibiltari horietako arbel klandestino berezia. Arbel osoa andereñoak zirrimarratzen zuen eta ilusioz beteriko marra infinitu hura gelditu zaie denei gogo-oroimenean.

56 urteren ondoren, 60 urte beteak dituzte eta une egokian egin dute elkarretaratze berezi hau, aurretik beste elkarretaratze batzuk egin badituzte ere. Tamalez gutxi batzuk ezin izan dute elkartu, baina gehienak hor ziren, fisikoki ez bazen birtualki gutxienez, bat Australiatik eta beste bat Bartzelonatik.

Oraingoz azken kapitulua idatzi dute elkarrekin, guztion ganbaretako aletxoak batuz. Gertakizun pertsonalak, argazkiak eta ikasmaterial historikoak (Xabiertxo) partekatu dituzte Whatsappez. Baita sekretu polit bat ere: Zurea gordea daukazu?

Emozio handiz, mila istorio eta anekdota kontatu dizkidate aurrez aurre Kontxi Goikoetxeak eta Erramun Martiarenak.

2024ko Eguberrietan oroitzapen goxoak piztu ditu Sargia parkean egindako naximendu bizi hark.

Arbel klandestino haren marra infinituak jarraitzen du denen bihotzetan.

Ainara Maia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude