Urdanibia plaza Moskuko jaien erdigunea izango da abuztuaren 13tik 16ra

Moskuko Jaiak bueltan dira 2026ko abuztuaren 13tik 16ra bitartean, adin eta gustu guztientzako egitarau zabal herrikoiarekin. Festak ostegunean, abuztuak 13, abiatuko dira plazan 19:00etan egingo den Biglak-en fanzine aurkezpenarekin eta 19:45ean zabalduko den Palestinaren inguruko erakusketarekin.

Ostiralean, abuztuak 14, jaiei hasiera ofiziala emango zaie 19:30ean pregoiarekin. Ondoren, 20:00etan DJ Lekuren musika saioa izango da, eta 22:00etatik aurrera gaueko kontzertuek hartuko dute lekukoa Perlata, Txintxes eta Stupid Fuckin People taldeen eskutik.

Larunbata, abuztuak 15, herri-ekimenez betetako eguna izango da: 12:30ean ardo dastaketa egingo da txosnan, eta 14:00etan herri-bazkaria ospatuko da Peña kalean. Bazkalostea alaitzeko Selektah Stepi eta lagunak arituko dira leku berean. Arratsaldean, 19:00etan, omenaldia egingo diote “Karlitos”-i, hainbat lagunek mikrofonoa hartuta. Gauean, 21:00etan hasita, musika emanaldi indartsuak egongo dira Niña Dioz, La Basu, Ezezez eta The Border Outlaws taldeekin.

Azkenik, igandean, abuztuak 16, egun osoko jarduerak antolatu dituzte. Goizean haur-jolasak (11:00etan plazan) eta Kemen dantza taldearen saioa (12:30ean) egongo dira. Bitartean, 13:00etan patata-tortilla txapelketa eta 15:00etan mus txapelketa jokatuko dira txosnan. Arratsaldean, 16:00etan artisau eta bigarren eskuko azoka irekiko da, 17:30ean bertso saioa egongo da plazan, eta 19:00etan sardin zaharren salmenta zein haur jolas autogestionatuak (toka, boloak…) egingo dira. Festak borobiltzeko, txosna itxi aurreko azken musika pintxada Selector Don Looperen eskutik izango da 21:00etan.

Gainera, abuztuaren 10etik 14ra Pala Txapelketa jokatzen ari da Uranzuko frontoi txikian 16:00etatik 22:00etara hiru mailetan: hastapenekoa, ertaina eta aurreratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude