Zaintza lanetan prestakuntza eta esperientzia eskaini dituen proiektu pilotua amaitzear dago

“Irun-Empleo Silver Economy” da Irunen martxan jarritako inklusio proiektu pilotu berriaren izena. Proiektua Irungo Udalaren eta Bidasoa bizirik-en artean kudeatua dago. LANBIDEk, Euskal Enplegu Zerbitzuak, Udalari enplegu eta prestakuntza proiektu mistoak martxan jartzeko egin zion proposamenetik sortu zen.

Honako ezaugarri hauek dituzte proiektuaren onuradunek: lan gabe luzaroan egon izana, bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta/edo diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzea eta zaintza lanetan profesionalki aritzeko kualifikatu nahi izatea. Bereziki, erakundeetan dauden mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko teknikaria izan nahi duten horiei zuzenduta dago.

Proiektu pilotua

Proiektua Lanbideren webgunean argitaratu zen lan eskaintzen artean, langabeak izena ematera animatzeko. 2022ko abuztuan eta irailean, aukeraketa egin zen proiektuan izena emandako 216 pertsoen artean: informazio saioen eta elkarrizketen bidez eta aukeraketa sistema berritzaile baten bitartez, hamahiru lagunekin (bederatzi emakume eta lau gizonekin) eratu zen behin betiko taldea.

Proiektua bi fasetan eraman da aurrera. Lehenengoa 2022ko urriaren 28an hasi zen, eta, haren barruan, bi hilabeteko prestakuntza eman zitzaien aukeratutako pertsonei, lanerako beharrezkoak zituzten ezaupide eta tresnak emateko. Bigarrenean, helburua hamahiru parte hartzaileen prestakuntza osatzea izan da, eta, horretarako, azken hamar hilabeteetan, lan kontratuak egin zaizkie eskualdeko sektore soziosanitarioko konpainietan.

Parte hartzaileek erakunde sozialetan dauden mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratu dute funtsean.

Miguel Ángel Páez, Irungo Udaletxeko Ekonomia eta Ogasuneko ordezkaria eta Bidasoa bizirik-eko presidenteak adierazi duenez, Irungo Udalak Bidasoa bizirik-ekin elkarlanean, eskualdeko langabeen enplegagarritasuna hobetzeko lanean jarraitzen du, eta, horretarako, askotariko enplegu programak jartzen ditu martxan; tartean, Irun Empleo Silver Economy. Páezek azaldu duenez, “ekimen berritzaile bat da, prestakuntza eta inguruko enpresek eskaintzen duten lan esperientzia konbinatzen dituena, eta, horri esker, proiektuan parte hartu duten hamahiru pertsonen enplegagarritasuna hobetu da”. Ekonomia eta Ogasuneko ordezkaria eta Bidasoa bizirik-eko presidenteak azaldu duenez, “Gaur, azken txanpan dago proiektua, baina etorkizunean aurrera jarraitzea da asmoa”.

Laura Rodriguez Caser Residencialeko Iparraldeko Zonako lurralde-zuzendariak eskertuta azaldu da proiektu berritzaile honetan parte hartzeko aukerarengatik. Laura Rodriguezek gogoratu duenez zaintza zerbitzuen eskaria asko hasi da azkenaldian, horregatik, arlo horretan gero eta profesional gehiago behar dira. Caser Residencial egoitzetan prestakuntzako parte-hartzaileek ikasitakoa barneratu eta praktikan jartzeko aukera izan dute. Izan ere, 300 langile inguru ditu Caser Residencialek eskualdeko egoitza, eguneko zentro eta etxez etxeko zerbitzuetan eta 300 erabiltzaile baino gehorik arreta eskaintzen diote. Prestakuntza programa berri honi esker, laster lantaldera aurpegi berriak batuko dira.

Prentsaurrekoan Tania Hervia, Jose María Corrales eta Dannia Medinak parte hartu dute, proiektuaren lehen edizioan parte hartu baitutue. Tania Herviaren hitzetan hasieran zaila egin zitzaion lan erritmora egokitzea, baina orain izandako aukerarengatik oso pozik dagoela azaldu du. Jose María Corralesek azaldu du prestakuntza hasi aurretik bere amaren zaintza izan zela sektore honetan izandako esperientzia bakarra eta oso ezberdina dela etxetik kanpo horretan lan egitea. Hala ere, Corralesek aipatu duenez “pertsonalki oso aberasgarria da pertsonen zaintzan lan egitea”. Hiru parte-hartzaileak “Irun-Empleo Silver Economy” programak eskainitako aukerarekin pozik azaldu dira.

Prestakuntza eta esperientzia, enplegagarritasuna hobetzeko

Irun Empleo Silver Economy proiektuari esker, parte hartzaileek maila handiko kualifikazioa lortuko dute: prestakuntzaren bidez, ziurtagiri ofizial bat eskuratuko dute, eta, kontratazio esperientzia erreal baten bidez, eskuratutako ezaupideak  finkatuko dituzte, ikasi duten lanpostuan arituta. Alde horretatik, kontratuak sektore soziosanitarioko enpresa pribatuetan egitea plus bat da proiektuaren helburua lortzeko: lan merkatutik urruti dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko aukerak hobetzea.

Gainera, prestakuntza eta enplegu proiektuaren barruan, parte hartzaile bakoitzak bere ibilbidea gainbegiratu duen tutore baten laguntza profesionala izan du; jarraipen etengabe eta pertsonalizatu bat, bere epe ertaineko helburu profesionala aztertzeko eta hura argitu, formatu, bideratu eta lortzeko tresnak hobetzeko.

Esperientzia pilotu honi esker, enplegagarritasuna hobetzeko aukera berriak sortzen ari dira, eta, dudarik gabe, emaitzak eta prozesuak iraun duen bitartean ikasitakoa ikusita, lana lortzeko bidean aurrera egiten laguntzeko ildo berri honetatik jarraituko da.

Proiektuan parte hartu duten enpresak Caser Residencial, Eulen, Gibeleta, Servicios Bidasoa Tercera Edad eta Gizatzen dira.

Next Generation EU funtsak

“Irun-Empleo Silver Economy” proiektua, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) esparruaren baitan kokatzen da eta plan hori Europako Batasunak finantzatzen du (NextGenerationEU).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude